argia.eus
INPRIMATU
Espainiako Defentsa Ministerioa harrapatu dute Kataluniako erreferendumaren Wikipediako erreferentzia bat moldatzen
  • Carla Simóm zuzendariaren Alcarràs filma arrakasta izaten ari da, eta asteartean jakinarazi zen Oscar sarietarako hautagaia dela. Berria ezagutu eta gutxira, filmari izena ematen dion Kataluniako herriari buruzko Wikipedia orrian Urriaren 1ari buruzko erreferentziari moldaketa egin diote: Poliziaren indarkeriazko esku-hartzeari buruzkoak ezabatu zituen erabiltzaile batek, erreferenduma ilegala izan zela gehitzeko. Jakinarazi dute moldaketaren egilearen IP zenbakia Espainiako Defentsa Ministerioari dagokiola.

ARGIA @argia 2022ko irailaren 14a
2017ko urriaren 1eko poliziaren kargak (Argazkia: Wikipedia)

Twitterreko @SpainGovedits kontuak asteartean argitara eman zuenez, Espainiako Defentsa Ministerioa harrapatu dute 2017ko Kataluniaren independentziarako erreferendumaren erreferentzia bat moldatzen. Josep Maria Ganyet informatika ingeniaria izan da moldaketa antzeman duena. Izan ere, Wikipedian egindako moldaketan publikoak dira, eta ahalbidetzen du moldaketa egin duen pertsonaren IP zenbakia ezagutzea. Kasu honetan 193.33.2.243 zenbakiak egin zuen aldaketa, eta Espainiako Defentsa Ministerioari dagokio.

Zehazki, Alcarràs udalerriari buruzko katalanezko Wikipediako orrian sartu du eskua Defentsa Ministerioak. Kataluniako herriaren izen bera darama aurten estreinatu den eta arrakasta izaten ari den Carla Simón zuzendariaren Alcarràs filmak, eta Berlinale jaialdian Urrezko Hartza sari nagusia jaso ostean, asteartean jakin zen Oscar sarietarako hautatutako filmen artean zegoela. "Filmaren arrakastak eraman du Espainiako Gobernua maniobra politiko narrasa egitera: saiatu da berridazten udalerriaren eta Urriaren 1aren arteko lotura", irakur daiteke Vilaweb-en. Alcarràs herriari buruzko informazioan 2017ko Urriaren 1eko erreferendumari egiten zitzaion aipamena moldatu du Espainiako Defentsa Ministerioak, Poliziaren indarkeriazko esku-hartzeari buruzkoak ezabatuz eta erreferenduma ilegala izan zela gehituz.

Moldaketa identifikatua izan denez, informazioa leheneratu dute, eta berriz irakur daiteke hasierako bertsioa: "2017ko urriaren 1eko independentziarako erreferendumean, erreferenduma gauzatu ez zedin Espainiako Poliziaren herritarren aurkako oldarraldia bizi izan zuen herrietako bat izan zen Alcarràs". Aurrera begirakoan antzerakorik antzeman gero, moldaketa nola ezereztatu azaldu du Ganyet informatika ingeniariak: historialera joanez gero, moldaketa ezabatzeko aukera dago edonoren eskura.