argia.eus
INPRIMATU
Espainiako Barne Ministroak dio ez dituela Guardia Zibila eta Espainiako Polizia EAEtik aterako
  • “Gobernuak ez du estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoak EAEtik ateratzeko inongo intentziorik”, adierazi zuen atzo goizean Jorge Fernández Díaz Espainiako Barne Ministroak, Eusko Jaurlaritzak hala egiteko eskatu ostean. ETAren ekintza armatuaren amaiera dela eta, Espainiako segurtasun indarrak mantentzeak zentzurik ez duela esan du EAEko gobernuak.

Lide Hernando @lidehernando 2013ko martxoaren 07a
Jorge Fernández Díaz, Espainiako Barne Ministroa. (argazkia: extraconfidencial.com)

Espainiako barne ministroa Estefanía Beltrán de Heredia EAEko Segurtasun kontseilariarekin bildu da bi departamentuen eginbeharrak zehazteko. Fernández Díazek Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak “Espainiako lurralde osoan” lan egin behar dutela defendatu du, eta horretarako, “Ertzaintzarekin adostasunera iritsi behar” direla.

ETAren duela bi urteko iragarpenaz eta hainbat ETAko kide Norvegitaik kanporatu izanaz jardun dute. Fernández Díazek ETAren desegitea eskatu du, eta ihesi dabiltzan kideenganako errukirik izango ez duela ziurtatu du. “Justiziarekin arazorik duen inor atzemana izanez gero, legearen eskuetan jarriko dute”, azpimarratu du.

Espainiako Segurtasun indarrak ez kentzeaz gain, Barne Ministroak Audientzia Nazionala mantentzea defendatu du, “ETA desegin ezean inongo zentzurik ez baitu hori kentzeak”. Beltrán de Herediak, berriz, "Euskadin aro berria bizi dugula" adierazi du eta indar polizialak "egoera horretara moldatu" behar dutela. Era berean, ETAri desegiteko eskatu dio Jaurlaritzaren izenean.