argia.eus
INPRIMATU
Euskal Herrian dauden poliziei eta guardia zibilei plusak ordaintzen jarraitzen du Espainiako Barne Ministerioak
  • 1984ko urriaren 23an ETAren garaian Espainiako Barne Ministerioak onartutako aginduan, “arriskugarritasun eta nekagarritasun” kontzeptuengatik “ordainsari” bat zehaztu zuten Espainiako Polizia Nazional eta Guardia Zibilarentzat, “eremu gatazkatsuetan lan egiten duten langile guztiek” jasoko zutena. Espainiako Gobernuak martxoan EH Bilduko diputatu Jon Iñarrituk gai horri buruz egindako galderari erantzun zion.

Julen Ugartemendia Carcedo 2024ko uztailaren 24a

Otsailaren 13an EH Bilduko diputatu Jon Iñarrituk egindako galderari Espainiako Gobernuak erantzuna eman zion martxoan. Bertan diputatuak ETAren garaian 1984ko urriaren 23an Espainiako Barne Ministerioak onartutako aginduari erreferentzia egin zion, eta galdetu zuen ea Espainiako Polizia eta Guardia Zibileko kideentzat zehaztu ziren “pizgarrietan” aldaketarik izan ote zen, Públicok orain jaso duenez. Izan ere, agindu horretako 4. artikuluan Espainiako Polizia Nazionaleko eta Guardia Zibileko kideek jasotzen duten “ordainsari” bat zehazten da, “arriskugarritasun eta nekagarritasun” kontzeptuengatik. “Osagarri hau eremu gatazkatsuetan lan egiten duten langile guztiek jasoko dute, betetzen duten eginkizuna edozein dela ere”, esaten du Espainiako Estatuko Aldizkari Ofizialean jasotako 4.3 artikuluak. Iñarrituri Espainiako Gobernuak emandako erantzunean zehaztu zuten “pizgarri horiek ezabatu, murriztu edo aldatzeari dagokionez, araudiak indarrean jarraitzen duela” .

ETAren desegitetik sei urte pasa ondoren, hainbat aldiz galdetu du Iñarrituk azken urteetan plus horiengatik. 2018an galdetu zuenean, Poliziaren Sindikatu Bateratuko bozeramaile Ramon Cossíok Públicori adierazi zion Espainiako Polizia eta Guardia Zibileko kideek Euskal Herrian bizi zuten “gizarte-gaitzespenagatik” eta “bazterketa-egoeragatik” Barne Ministerioa “partida horiek mantentzearekin ados zegoela”. “Normalitate falta” plus hori mantentzeko beste arrazoi bat zela adierazi zuen.

Martxoan Iñarrituri emandako erantzunean ez zuten zehaztu zenbatekoak diren Espainiako Polizia Nazionalaren eta Guardia Zibilaren kideei ordaintzen dizkieten “plus” horiek, baina Iñarrituri gai horri buruz 2020an emandako erantzunean, Barne Ministerioak zehaztu zuen 2.676 guardia zibilentzat eta 1.792 polizia nazionalentzat “arriskugarritasun” eta “lurraldetasun” gastuak 22.850.065 eurokoak zirela, El Saltok jaso duenez.