Eredu berriak ikasleek milaka euro aurreztea ekar lezake. Autoeskoletako irakasleek plana kritikatu eta errepideetan sor daitekeen arriskua mahaigaineratu dute. Neurri berriak “milaka irakasleren enplegua arriskuan jartzen duela” ohartarazi dute.
Espainiako Barne Ministerioa, Trafiko Zuzendaritza Nagusiarekin batera (DGT gaztelaniazko sigletan), gidabaimena lortzeko eredua aldatzea aztertzen ari da. AEBetako, Frantziako eta Suediako ereduetan oinarrituta eta Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak (CNMC) bultzatuta, hautagaiek familiakoekin edo lagunekin batera gidatzen ikasteko aukera izango lukete. Neurri horrek autoeskoletako ikasleek aurreztea ekar lezake, gidabaimena ateratzearen batez besteko kostua 1.000 eta 1.500 euro bitartekoa baita, eta zenbait tokitan, Gipuzkoan, esaterako, kantitate hori bikoiztu ere egin daiteke.
Egun Espainiako Estatuan, autoeskolak dira gidabaimena lortzeko aukera bakarra, bai alde teorikoan, bai praktikoan. Ikasleek eredu horri kritikak egin izan dizkiote, “garestia delako eta azterketetan gardentasunik ez dagoelako”. Fernando Grande-Marlaska ministroaren hitzetan, “sarrera erraztu” nahi dute, baina “betiere bide segurtasuna lehenetsiz”.
Iñigo Montenegro Euskadiko Autoeskolen Federazioko presidentearen ustez, aldaketak errepideetako segurtasuna kolokan jar lezake: “Ausarkeria iruditzen zait irakaskuntza prestakuntzarik ez duten pertsonak tutore lanetan aritzea eta hasierako prestakuntzarik ez duten hautagaiei laguntzea”. Gainera, irakasle profesionalak ordezkatuz gero, errepideetako ezbehar-tasa handitu daitekeela ohartarazi du, Diario de Noticias de Navarrak jaso duenez.
“Ezin diegu utzi gazteei egokitu gabeko autoak gidatzen, irakaskuntzarako prestakuntzarik ez duten pertsonek lagunduta”, esan du Gipuzkoako Autoeskolen Elkarteko bozeramaile Arantxa Bravok. Nabarmendu duenez, autoeskolek, ibilgailu bat erabiltzen irakasteaz gain, prestakuntza integrala eskaintzen dute, arrisku-egoerei nola aurre egin eta presiopean lasai egoten ikasteko. Nafarroako Autoeskolen Elkarte Probintzialeko Jesus Iriartek irakasle kualifikatuen garrantzia azpimarratu du, eta Espainiako Estatuan dauden 8.000 autoeskolen prestigioa kaltetua izan daitekeela adierazi, “milaka irakasleren enplegua arriskuan jarriz”.
Montenegrok zalantzan jarri du eredu berri honen aurrean familiek izan dezaketen jarrera. “Zein senide ausartuko da kalean formakuntzarik gabeko eta autoan aginte bikoitzik ez duen pertsona batekin?”, planteatu du. Bestalde, Bravok gaineratu du aseguru-etxeek tarifak igo ditzaketela arrisku berri horiek estaltzeko, eta horrek pizgarriak ken diezazkiekeela familiei.