argia.eus
INPRIMATU
Espainiako Barne Ministerioak ez du informaziorik eman nahi Valentziako aktibismoan infiltratutako agenteaz
Irati Irazusta Jauregi 2023ko otsailaren 15a
Marlaska, infiltratutako poliziaren inguruan egindako adierazpenetan. (Argazkia: EuropaPress)

Espainiako Barne Ministerioak eta Espainiako Poliziak ez dute informaziorik eman nahi izan bi urte Valentziako aktibismoan eman dituen poliziaren inguruan. Astelehenean egin zuen publiko albistea La Directak, eta Kataluniako astekariko kideek azaldu dute ez dutela galderen erantzunik jaso. Espainiako Barne Ministerioak idatziz adierazi du ez duela "ustezko gertaeren harira adierazpenik egingo" eta Poliziaren Zuzendaritza Nagusiaren Prentsa Kabineteak esan du kasuaren inguruko informaziorik ez duela.

Jada polizia infiltratuen hiru kasu eman ditu argitara La Directak, kazetariek egindako ikerketei esker. Lehenengoa iazko ekainean zabaldu zuen, independentismoan eta etxebizitzaren mugimenduan infiltratutako Espainiako Poliziaren identitatea ezagutaraziz, eta aurtengo urtarrilean Bartzelonako mugimendu sozialetan eta Gasteizko Errekaleor auzoan ere ibili zen poliziarena.

Espainiako Barne Ministerioak adierazi du Estatuko Segurtasun Indarrek legea betetzen dutela uneoro, eta "profesionaltasun osoz" jokatzen dutela, konstituzioaren baloreak errespetatuz. Hala ere, Ramon Martinez Hernandez ezizenarekin Valentziako mugimenduetan infiltratutako polizia hainbat sabotaje ekintzen buru izan zen. Ekintza horiek legezkoak lirateke baldin eta polizia epailearen baimena duen infiltratutako agentea balitz. Orain arte, Barne Ministerioak adierazi du Bartzelonako mugimenduetako poliziek ez zutela epailearen baimenik behar, "inteligentzia agenteak" zirelako, ez infiltratutako agenteak.

Marlaskaren adierazpenak

Lehen infiltrazio kasua publiko egin ondoren, Grande-Marlaska ministroak onartu zuen "independentismoaren" barnean infiltratutako poliziak zeudela, eta  "inteligentzia agente" gisa definitu zituen. Bere arabera, polizia horien funtzioa da "ordenerako eta segurtasun publikorako informazioa biltzea gizabanako erradikalak edo legez kanpoko proiektu sezesionistekin konprimituta daudenak mugitzen diren inguruetan".

Kasu beraren harira, Jon Iñarritu EH Bilduko diputatuaren galderei erantzunez, Marlaskak adierazi zuen polizia-jarduera mota horiek "helburu berezietan" erabiltzen dituztela, "legez kontrako zigor-delituekin zerikusia izan dezaketen susmo sendoak dauden kasuetan", hain zuzen.

Urtarrilaren 30ean argitaratutako bigarren infiltrazio kasuaren aurrean, ministroak polizia hauen "izen ona" defendatu zuen. Bere hitzetan "ez dituzte ideologiak jazartzen, gertaerak baizik".