Espainiako banderari egindako irainak ez ditu adierazpen askatasunerako eskubideak babesten Espainiako Auzitegi Konstituzionalak astearte honetan erabaki duenez. Aldeko sei botorekin eta kontrako bostekin onartu dute erabakia.
Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren osoko bilkurak abenduaren 15ean iragarri du, aldeko sei botorekin eta aurkako bostekin, Espainiako banderari egindako "irainak" ez dituela adierazpen askatasunaren eskubideak babesten.
Erabaki horrekin, epaileek atzera bota dute Zigor arloko epaitegi batek eta Coruñako Probintzia Auzitegiak jarritako epaiaren aurka ordezkari sindikal batek aurkeztutako helegitea. Delitu horrengatik 1.260 euroko isuna jarri zioten helegitea jarri duen pertsonari.
2014ko urriaren 30ean hasi zen dena Nos egunkari galiziarrak jaso zuenez: Ferrolgo (Galizia) armategi militarraren aurrean egindako elkarretaratzean Galiziako Sindikatu Arteko Konfederazioaren ordezkariak megafonoa hartu eta honakoak oihukatu zituen "bandera putari sua eman" behar zitzaiola. Kontzentrazioan ez zen Espainiako banderarik erre, baina adierazpen horiengatik Pablo Fragoso sindikalistari aipatutako isuna jarri zioten.
Elkarretaratzeak ez zuen zerikusirik ikur nazionalekin, instalazio militarrak garbitzeko zerbitzuko langileen protesta zen, ez zituztelako soldatak kobratu. Eta egoera hori erabakigarria izan da auzitegiarentzat, bildutakoen aldarrikapenekin zerikusirik ez zutela argudiatuta berretsi baitute isuna, testuinguru horretan Espainiako banderaren kontra aritzea adierazpen askatasunetik kanpo dagoen ekintzatzat joz.