La Directak argitara emandako Ezker Independentistako eta CDRetako 38 militanteren espioitza masiboa zertan den argitu asmoz, errepresioaren aurkako Alerta Solidària antolakundeak Espainiako Auzitegi Nazionalera jo du. Pertsonatze idazkia aurkeztu du, espioitza operatiboak ikerketapean izandako Xavier Pellicer-en izenpekoaz. Alerta Solidàriaren arabera espioitzak norbanakoen eskubideak urratu ditu, eta Espainiako Estatuak independentismo katalanaren aurka egindako erasoa izan da.
Errepresioaren aurkako Alerta Solidària antolakundeak Espainiako Auzitegi Nazionalera jo du, La Directak urriaren 10ean argitara emandako militanteen aurkako zelatatzearen harira. Hedabideak sarbidea izan du oraintsu arte sekretutzat jotako dokumentuetara, eta arakatze lanen ondorioz baieztatu ahal izan du Ezker Independentistako eta CDRetako 38 militante zelatatu dituela Espainiako Barne Ministerioak, gutxienez 2018 eta 2019 urteetan. Espioitza operatiboa martxan dagoen argitu asmoz aurkeztu zuen astelehenean Alerta Solidàriak pertsonatze idazkia Espainiako Auzitegi Nazionalean, Xavier Pellicer-en izenpekoaz. Pellicer espioitza operatiboek kaltetutako militanteetako bat da; egun CUP alderdiko diputatua da Kataluniako Parlamentuan, baina zelatatua izan zenean Alerta Solidàriako bozeramailea zen.
La Directak jaso duenez, errepresioaren aurkako antolakundeak aurkeztutako idazkian espioitza operatiboak martxan jarraitzen duen galdetzeaz gain, bestelako itaunak ere jaso dituzte. Hala nola, ikerketa abiatzeko arrazoiez edota prozesuaren egungo egoeraz galdegin dute. Alerta Solidàriaren arabera, Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak gauzatutako espioitza masiboa etorkizunera begirako helburuekin egin da, eta horri ez deritzo legezko. "Ikerketek izen eta abizenekin identifikatu nahi dituzte Ezker Independentistakoak diren edota CDRekin lotura daukaten militanteek antolakunde politikoetan gauzatzen dituzten lanak". Azpimarratu dute horretarako funts faktiko eta juridikorik ez duen "terrorismoaren aurkako borrokaren aterki lausoa" erabili dutela, eta aterki horrek forma askotariko eta abusuzko espioitza operazioei bide ematen diela. Zentzu horretan, zelataren bidez militanteen aurka gauzatu den ikerketak norbanakoen eskubideak modu nabarmenean urratu dituztela salatu dute. Are, urraketaren dimentsio kolektiboa kontutan hartuta, gertatutakoa kalifikatu dute "Espainiako Estatuak independentismo katalanaren aurka egindako eraso" gisa.
Espioitza operatiboan Poliziak kontrolpean hartu zituen militanteen telefono mugikorrak; SMS mezuak irakurtzen eta dei bidezko elkarrizketak entzun zizkieten –horietako batzuk transkribatuz–, unean uneko geolokalizazioak ezagutzen zituzten, Gmail-era eta sare sozialetara –Twitter eta Facebook– sarbidea zeukaten, eta espioitzarako software batekin kutsatu zizkieten mugikorrak. Azken hori, La Directaren arabera, "Signal eta Telegram mezularitza aplikazioetara eta Protonmail posta elektroniko hornitzailera sarbidea lortu asmoz". Horretaz guztiaz gain, kaleko jarraipena ere egin diete militanteei, kotxeetan geolokalizaziorako balizak jarriz edota kalez jantzitako Polizien segimenduarekin. La Directak arakatutako zelatari buruzko dokumentuetan kaleko segimenduetan ateratako argazkiak daude jasota.