argia.eus
INPRIMATU
ETAko presoen kondenak “gehiegizkoak” direla dio Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile batek
  • Jose Ricardo de Prada epaileak “neurriz kanpokotzat” jo ditu ETAko presoei ezartzen zaizkien kondenak. ETAkoak ez diren presoek betetzen dituzten zigorrekin alderatuta, aldea “handiegia” dela adierazi du.

Itziar Ugarte Irizar @itzugarte 2014ko uztailaren 03a
Presoei barkamena eskatzea ezin zaila exijitu adierazi du De Prada epaileak. (Irudia:gaceta.es)

Epaileak Madrilgo Unibertsitate Complutenseko udako ikastaroetan egin ditu adierazpenak. Zigorrak preso denentzat “humanoak” izateko, “behar baten arabera” aplikatu behar direla esan du.

De Pradaren arabera, "Parot Doktrina" delakoaren agerpenetik aurrera, zenbait zigor gainontzeko presoekin alderatuta, “modu ezberdinean” ezartzeari ekin zitzaion, “juridikoki onartezina dena”.

Horrela jarraitu ezin zela esatera Giza Eskubideen Europako Auzitegiak etorri beharra “are onartezinagotzat” jo du epaileak. Gaineratu du, kondena aplikatu zuten guztien gogoan zegoela egiten zutena "gaizki" zegoela.

Barkamena eskatzea ezin da exijitu”

Egindako guztiagatik damua adieraziko duen barkamena “ezin da exijitu” epailearen iritziz; “batez ere, planteamendu ideologiko baten ondorio diren delitu edo egoerez ari garenean". Hala ere, “eragindako mina” aitortzea eta “dagokion pertsonari hori helarazteko interesa” beharrezkoak direla deritzo.

Ukatzen den arren, “bake-prozesua badela” gaineratu du De Pradak. Bake-prozesutik adiskidetze-prozesua etorri behar dela dio eta “barkamenean eta justizia eraikitzailean” sakontzea garrantzitsua dela, “ez baita biktimen intereseko gaia soilik, gizarte osoarena baizik”.

Argitu du, horretarako ez zaiola “justiziari, egiari eta gizarte zein biktimen ordain-eskubideari uko” egin behar, “biolentzia politiko-terroristak eragindako traumak” zentzu positiboan kudeatzeko eskubideaz jardun behar dela baizik.

Bide horretan, biktimek, gizarteak, biolentzia-eragileek, instituzioek eta Estatuko botereek esangura handia dutela azaldu du.