argia.eus
INPRIMATU
Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratzera deitu dituzte Laudioko bi gazte, margoketak egitea egotzita
  • Abenduaren 16an Ertzaintzaren Laudioko komisaldegira joanarazi zieten bi gazteri, margoketa batzuengatik ikertu egin zituztela jakinarazteko. Muntaia polizial bat dela adierazi dute gazteek.

Aiaraldea @aiaraldea 2017ko urtarrilaren 03a

Auzitegi Nazionalean deklaratzera deitu dituzte Laudioko bi gazte, “ikertu” gisa. Urtarrilaren 11n egin beharko dute deklarazioa bideo-konferentzia bidez, Amurrioko Epaitegian.

“Iragan abenduaren 16an Ertzaintza gure etxeetara joan zen goizeko zazpietan, eta Laudioko komisaldegira joanarazi ziguten”, adierazi dio gazteetako batek Aiaraldea Gaur-i. Azaroan ETAren aldeko margoketa batzuk egitea egotzi zieten bertan, baina ez zieten inolako informe polizialik erakutsi. Antza bideokameraz hartutako irudi bat erakutsi zioten gazteetako bati, baina irudian azaltzen zena bera ez zela adierazi zien gazteak poliziei. “Gorputzaren osakeragatik argi eta garbi ikusten zen ez nintzela ni. Irudia guztiz pixelatua zegoen, edonor izan zitekeen”.

Ertzaintzaren kolaborazio eskaintza

Bi gazteek adierazi dute ertzainek kolaborazio eskaintzak egin zizkietela, margoketak eurek egin ez zituztela adierazi zutenean. Guztia “muntaia polizial bat” dela salatu dute.

Albiste hau Aiaraldea Gaur-ek argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra