Sortuk larritzat jo du erabakia, informazio eskubidearen zein bizikidetzaren aurkako eraso gisa ulerturik. Helegitea jarri du alderdiak, eta horri ematen zaion erantzunaren arabera agindua behin betikoa izango da, edo ez.
Sortuko kide Oihana Garmendiak eta Haimar Altunak asteazkenean egindako prentsaurrekoan jakinarazi dute Espainiako Auzitegi Nazionalak agindu duela Kalera Info aldizkaria eta Kalera Kalera web-orria ixtea, ustezko terrorismoari gorazarre delituatik. Salatu dute erabakia Guardia Zibilaren txostenetan oinarritzen dela eta epaileak erabakia ez duela eman fiskaltzak abiatutako diligentzia baten ondotik. Alderdiak helegitea jarri dio erabakiari, eta horri ematen zaion erantzunak esango du auzitegiaren erabakia behin betikoa den ala ez.
"Gertaera larritzat" jo du Sortuk, informazio jardunaren aurka egiten duelako. Garmendia eta Altunak azpimarratu dute ez dela alderdiak presoen eskubideen alde egiten duen lanari egiten zaion lehen erasoa, eta gogorarazi nahi izan dute Espainiako Auzitegi Nazionalak irekia duela sumario bat alderdiko hainbat kideren aurka, bozeramaileak eurak tarteko. Halako prozesuek euskal preso politikoen eskubideen aldeko lana eta preso daudenen asistentzia kriminalizatzen dutela adierazi dute.
2017tik dago martxan Kalera Info aldizkaria, eta hiru hilabetero argitaratzen da. Beronen bidez helarazten zaie euskal preso politikoei informazioa, bai ibilbide penitentziarioa egiteko beharrezkoa zaiena, baita euskal presoen eskubideen aldeko mobilizazioen berrie ematen duena ere. Aldizkariaren ixteak zuzenean eragiten dien informazio iturri hori gabe utziko lituzke euskal preso politikoak.
Sortuk bizikidetzaren aurkako erasotzat jo du agindua, eta adierazi du badirudiela zenbaitek kosta ala kosta itxi nahi dutela bizikidetzari irekitako atea, "herri honen gehiengoaren borondatearen aurka".
"Herri honek ezin du onartu Estatuko sektore erreakzionarioenen eraso berri hau, eta are gutxiago orain, adostasun handiak lortu baitira preso politikoen, erbesteratuen eta deportatu politikoen auzia konpontzeko, eragile askoren borondate eta ahaleginari esker, preso politikoak barne", egin dute irakurketa.