Asier Karrera Arenza presoa Martuteneko espetxera itzuli da, urrian onartu zioten hirugarren gradua baliogabetu baitu Espainiako Auzitegi Nazionalak. Hainbat dira azken hilabeteetan gradu-erregresioa bizi izan duten presoak. Berriki Espainiako Auzitegi Gorenak emandako ebazpen baten arabera, gainera, preso bati esleitutako hirugarren graduari Fiskaltzak helegitea jartzen badio, presoek espetxean itxaron beharko dute ebazpena ezagutu artean.
Asier Karrera Arenza etxarriar presoa Martuteneko espetxera itzuli da, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak bigarren gradura itzularaz dadila erabaki baitu. Karrera hirugarren graduan zegoen urriaz geroztik, Martuteneko espetxeko tratamendu batzordeak hala proposatuta eta Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailaren onespenarekin. Alabaina, Espainiako Auzitegi Nazionalean hartutako erabakiak gradu-erregresioa agindu du presoarentzat. Etxerat-ek jakinarazi duenez, Karrerak 23 urte daramatza preso, eta aurten beteko ditu zigorraren hiru laurdenak.
Karrera ez da espetxe graduari dagokionez erregresioa pairatu duen preso bakarra. Azkenaldian, hainbat izan dira hirugarren gradutik bigarrenera itzularazi dituzten euskal preso politikoak. Urtarrilaren 31n jakinarazi genuen Roberto Lebrero gasteiztarra Espainiako Auzitegi Nazionalak zer ebatsiko zain zegoela, uztailean onartu zioten hirugarren gradutik bigarrenera itzul zitekeelako. Egun gutxi aurretik espetxeratu zuten berriz Asier Rodríguez preso santurtziarra, hirugarren gradua esleituta kalera atera ondotik. Iazko urtean, egoera berean egon ondotik, bigarren gradura itzularaziak izan ziren Xabier Atrisitain, Mikel San Argimiro, Aitor Esnaola, Joseba Arregi, Gorka Martinez, Iñaki Bilbao, Jon Crespo eta Iñigo Gutierrez presoak. Egoera beretik pasa zen Unai Fano 2021ean.
Espetxe graduari dagokionez erregresioa bizi izan duten presoen zerrenda Fiskaltzak hartutako posizionamenduari dagokio. 2022ko otsailean espetxeetako tratamendu batzordeek hainbat euskal presori hirugarren gradua onartzen hasi zirenetik dozenaka helegite aurkeztu ditu, eta lortu du helegiteak aurkezte hutsarekin presoei kalera ateratzea eragoztea. Oraintsu arte, hirugarren gradura pasatako presoak kalera atera zitezkeen, eta Fiskaltzak jarritako helegitea ebatzi bitartean, ez ziren espetxera itzuli behar. Espainiako Auzitegi Gorenak emandako epai batek, ordea, aldatu egin du prozedura: aurrerantzean hirugarren graduaren aurkako helegitea aurkezte hutsak eragotzi egingo die presoei kalean egotea, errekurtsoa ebatzi bitartean.
Prozeduran jazotako aldaketa Fiskaltzak bultzatua izan da, magistratuak bultzatu baititu erabakitzera hirugarren graduak esleitzeko fiskalak jarritako helegiteak ebatzi arte itxaron beharra dagoen ala ez. Zentzu horretan Fiskaltzak abiatutakoa bidea "bataila" gisa izendatu zuen abenduaren 12an La Razón egunkariak.