argia.eus
INPRIMATU
Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren arabera, presoek eskubidea dute kazetariei elkarrizketak emateko
Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2020ko otsailaren 06a
Espainiako Auzitegi Konstituzionala.

Patio eta aisialdirako jarduera gabe zigortu zuten Kordobako (Espainia) presoa, 40 minutuz elkarrizketa bat eskaini ziolako kazetari bati.  32 urtez kartzelan egoteak eragiten zion etsipena azaltzen zuen bertan.

Kordobako kartzelako arduradunek “berri faltsuak” hedatzea eta profesionalekin harremantzeko prozedura jarraitu ez izatea leporatu zioten.  Presoaren abokatuak errekurritu egin zuen, horrelako  prozedurarik ez dagoela argudiatuz, eta hiru urteko errekurtsoen ondoren, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak arrazoia eman dio.

Presoaren adierazpen eta informazio askatasuna lehenetsi du Auzitegiak, Espainiako Konstituzioko 20. artikuluan oinarrituz, eta zigorra baliogabetu du.

Espetxeetako Zuzendaritzak aurreratu duenez, beraien legedia berrikusten dabiltza; baina gehitu du “biktimen babesa” eta “kartzelako legediarekiko errespetua” lehenetsiko dutela.

Espainia desberdin

Preso batek kazetari baten galderei erantzutea zigortzeko besteko delitu dela ondorioztatu zuen Kordobako kartzelako zuzendaritzak. Ez da horrela gertatzen, ordea, leku guztietan. Izan ere,  Katalunian bertan, baldintza jakin batzuk bete behar badira ere, baimenduta dago elkarrizketak izatea kazetari eta presoen artean.  Zer esanik ez, Erdialdeko Amerikako herrialdeetan, El Salvadorren besteak beste; zeinetan pandilla kriminaletako kideek prentsaurrekoak ere eman izan dituzten kartzelatik bertatik.