argia.eus
INPRIMATU
Espainiako Auzitegi Gorenak ez du Junqueras behin-behinean kaleratuko
  • Junquerasen defentsak kaleratzea eskatu zuen kautelazko neurri bezala, baina Gorenak Hauteskunde Batzordearen alde egin du. Espainiako Auzitegi Gorenak hurrengo egunetan erabakiko du nola bete behar den Junqueras eurodiputatu bezala aitortzen duen Europako Justizia Auzitegiaren epaia.

2020ko urtarrilaren 09a
Artxiboko irudia.

Espainiako Hauteskunde Batzordearen epaia behin-behinean indargabetzea baztertu du Auzitegi Goreneko Auzien Aretoak ostegun eguerdian. ERCko burua zuhurtasun-printzipioz askatzea eskatu zuen haren defentsak. Epai irmo bat dagoela argudiatuz eman du ezetza auzitegiak, 2017ko erreferendumaren arduradun nagusien aurka Gorenak 2019ko urrian ezarritakoa: “Kondena-ebazpen hori egoteak berekin dakar errekurtsogilearen eskaera ez onartzea”.

Auziak irekia jarraitzen du

Oriol Junquerasek preso jarraituko du, momentuz. Auzia ez dago itxia, ordea. Hurrengo egunetan Goreneko Zigor Aretoak beste ebazpen garrantzitsu bat kaleratuko du: Europako Justizia Auzitegiaren epaia nola bete behar den erabaki behar du.

Abenduaren 20an Europako Justizia Auzitegiak epaia eman zuen, adieraziz Junquerasek immunitatea zuela 2019ko maiatzean herritarrek eurodiputatu hautatu zutenetik. Gorenaren zigorra geroago heldu zen, urrian. Urtarrilaren 3an Espainiako Hauteskunde Batzordeak, ordea, ebatzi zuen ERCko burua ezin dela eurodiputatu izan haren aurkako sententzia irmoa duelako. Junquerasen defentsak helegitea aurkeztu zuen Gorenean, eta orain Zigor Aretoak erabaki beharko du Europako epaia nola bete.

Estatuaren abokatuak Junqueras behin-behinean askatzearen alde egin du. Baina Europako Parlamentuari suplikatorioa eskatzea proposatzen du ere, immunitatea kendu eta epaia indarrean jartzeko. Fiskaltzak ERCko burua preso mantentzearen alde egin du. Askatasuna berreskuratuko balu ere, beraz, ikusi egin beharko litzateke zenbat denborarako litzatekeen.

Carles Puigdemontek Twiiterren idatzi du, erabakia “akats larria” dela adieraziz, “beste bat”: