argia.eus
INPRIMATU
Espainiako Auzitegi Gorenak emandako epai batek dio Rider-ak ez direla autonomoak
  • Espainiako Auzitegi Gorenaren sententzia batek autonomo faltsu gisa lan egiten duen langile baten alde egin du lehen aldiz.

ARGIA @argia 2020ko irailaren 24a
Dos Argazkia: Por Dos eta Kauldi Iriondo

Glovo enpresari lotutako epai batean gertatu da: Espainiako Auzitegi Gorenak lehendabizikoz zigortu du plataforma digital bat darabilen lan ereduagatik. Epailearen aurrean Glovok defendatu zuenez, berak ez zuen langilea kontratatu, hura autonomo gisa ari zen beretzat lanean, gainontzeko banatzaileak bezala. Asteazkenean publiko egindako epaiaren arabera, baina, enpresak banatzaileekin duen harremana lan-harremana da, eta ez autonomoen artekoa. Hala, 2017an kaleratutako Isaac Cuende langileari kalte-ordaina eman beharko dio Glovok. Epaiaren arabera, Glovo ez da komertzioen eta banatzaileen arteko bitartekari huts.

Epai honek ekar dezake Glovok eta antzerako enpresek darabilten kontratazio eredua ezeztatzea, eta aurrerakoan enpresa horiek langileak kontratatu behar izatea. Ildo horretan, Espainiako Gobernuak adierazi du legegai bat ari dera lantzen rider-en egoera argitzeko.

Beren aldetik, epaia aztertu arte, Riders X Derechos plataformak nahiago izan du zuhur agertu El Saltori egin dizkion adierazpenetan. Hala ere, baikor agertu dira: “Hau ez da amaitu, baina oso pozik gaude zeren epaiak arrazoia ematen digu azken lau urteetan borrokatu dugunari dagokionez”.