argia.eus
INPRIMATU
Espainiako Auzitegi Gorenak atzera bota du Zilbetiko meategiaren proiektua
  • Zilbetiko (Nafarroa) pagadian magnesitako meategia eraikitzeko egitasmoa deuseztatu du behin betiko Espainiako Auzitegi Gorenak. Ez ditu helegiteak onartu eta epaiaren argudio nagusia konfirmatu du: kalte konponezinak eragingo lituzke babesturiko eremu batean.

Ane Eslava Serrano @eslavaane 2017ko apirilaren 04a
Zilbetiko biztanleek Gernikaren erreprodukzio bat egin zuten meategia egongo zen eremuan, salaketa moduan

Kontserbazio Bereziko Gunea den Zilbetin magnesita harrobi bat eraikitzeko egitasmoa aurkeztu zuen Magnesitas Navarra enpresak 2007an eta hiru urte geroago UPNren Gobernuak proiektua onetsi zuen.

Nafarroako exekutiboaren erabakia ikusirik, Seo Bird Life GKEak eta Alduide Mendia Koordinakundak auzitara jo zuten. Euren iritzirako, enpresak baliabide ugari zituen babestutako eremutik kanpo, beraz, “zentzugabea” zen harrobia Zilbetiko pagadian egitea. Azaldu zutenez, zonaldean fauna eta flora espezie babestuak daude, horietako batzuk lehentasunezkoak eta beste batzuk desagertzeko zorian daudenak.

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak arrazoia eman zien Seo Bird Life GKEari eta Alduide Mendia Koordinakundeari eta proiektua atzera bota zuen 2015eko abuztuan, eremuaren balio ekologikoan oinarrituta.

Nafarroako Gobernuak erabakia onartu eta helegiterik ez jartzea erabaki zuen. Enpresa eraikitzaileak eta proiektuan interesak zituzten toki-administrazioek, ordea, bost helegite aurkeztu zituzten, meategiak eskualdearen garapena bultzatuko zuela argudiatuz.

Azkenik, Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi du Nafarroako auzitegiaren epaia, ingurunearen balioa interes ekonomikoen aurretik jartzen. Ondorioz, meategiaren proiektua behin betiko eten egin dute.