Otsailaren 6an Madrilen Espainiako Konstituzioari eta armadari buruzko konferentzia egin zuten. La Tribune egunkari frantziarrak dioenez, “erreserban dauden hainbat ofizialek hitza hartu zuten”, tartean Juan Antonio Chicharro generalak. “Kezka sentsazio orokorra adierazi zuen, beldurra, segurtasun eza eta nahasmena Espainiako armadan Kataluniaren balizko sezesioaren aurrean”.
La Tribunek dioenez, Chicharrok honako eszenarioa irudikatzeko eskatu zien kongresuko entzuleei: gobernuan den alderdiak hurrengo hauteskunde orokorretan gehiengoa galtzen duela, eta katalanek, euren babesaren truke, konstituzioko Espainiaren “batasun zatiezina” bertan behera gera dadin eskatzen dutela.
“Zer egingo du armadak?” galdetu zuen Chicharrok. “Mundu guztiak ulertu zuen gutxi gorabehera lerro artean esan zuena” dio La Tribuneko kazetariak.
Espainiako prentsak ere jaso zuen lehenago Chicharroren hitzaldiaren berri. El Paisek otsailaren 27an ekarri zuen albistea eta itsas-armadako infanteriako buruzagi ohia bere iradokizunekin harago joan zela erakusten du: “Ordena konstituzionalaren defentsa mekanismoek funtzionatzen ez badute, egitez edo ez-egitez, orduan…”.
Miguel Gonzalez kazetariak sinatutako artikuluak dioenez, galdera-erantzunen tartean entzuleak Chicharroen iradokizunetatik harago joan ziren Rey Juan Carlos Unibertsitateko errektore Pedro Gonzalez-Trevijanok eten zuen arte: “Konstituzioaren alternatiba suizidio kolektiboa da” adierazi zuen Trevijanok.
Espainiako Defentsa Ministerioa ikertzen ari da Chicharroren adierazpenak kolpistatzat har ote daitezkeen. Izan ere, joan den asteko adierazpenak argitaratu ondoren hainbat alderdik eskatu zituzten azalpenak Espainiako Defentsa Batzordean.