argia.eus
INPRIMATU
Vital Fundazioak gonbidatuta, Espainiako Armadako bi koronelek hitzaldiak emango dituzte Gasteizen
  • Espainiako Armadako bi koronelek hitzaldiak emango dituzte III. Alava Jenerala konferentzia zikloaren baitan. Gasteizko talde antimilitaristek kontzentrazioa deitu dute Vital Fundazioaren eta militarren arteko kolaborazioa salatzeko.

Z. Oleaga @zoleaga1 2019ko ekainaren 18a
(Argazkia: Espainiako Lurreko Armada)

Ekainaren 18an, Gasteizko Luis de Ajuria areto publikoan, Espainiako Armadako bi koronelek hitza hartuko dute. Vital Fundazioak, Espainiako Armadak eta Defentsa Ministerioak elkarlanean antolatu duten Alava Jenerala zikloa asteartean hasiko da. Juan José Otiñalo Viñes erreserbako koronelak "Bakearen bideetatik" izeneko hitzaldia emango du. Francisco Lanza Mollak armen kontrola izango du hizpide “Armamentuaren kontrola. Europarentzako segurtasuna eta bakea” hitzaldian.

Gasteizko mugimendu antimilitaristen ustez, “bi koronel hauek ez dituzte ausaz aukeratu”. Otiñalok urteak eman ditu Espainiako Armadako Gerra Eskolan lanean: “Bake-bideei buruz hitz egiteko hizlari onena, zalantzarik gabe”. Armen kontrolaz hitz egingo duen Lanza koronela “armagintzako bi espezialistaren senidea da”, talde antimilitaristen arabera. Lanzaren aita armagintza lantegi bateko zuzendari izan zen, besteak beste. “Paloma arrebak General Dinamics Santa Barbara de Sistemas-en lan egiten du. Turkiako Kirikkaleko bolbora-planta eraiki eta martxan jartzeko proiektuko burua izan zen, eta Espainiako armadarako misil Spike izeneko industrializazio-salmenta programa bezalako proiektuetan parte hartu du. Badirudi familiak, armamentuen kontrolaz baino gehiago dakiela haien ekoizpenaz eta merkaturatzeaz”

Vital Kutxa eta Kutxabank, “banka armatua”

Vital Kutxa eta Kutxabank helburu sozialekin jaio ziren finantza-erakunde bezala. Gasteizko talde antimilitaristek salatzen dute Vital Kutxak, Kutxabanken duen partaidetzaren ondorioz, azken honen ekintzen erantzule dela. Eta Kutxabankek lotura du armagintzaren industriarekin: Ezagunak dira industria militar batzuei (Maxam edo Sener) ematen dizkion kredituak eta beste batzuetan duen parte hartzea (Indra). Horrek, adibidez, Kutxabank hamarkada honen hasieran ‘Espainiako banka armatuaren’ rankingaren top ten-ean kokatua egotea ekarri du”.

Ekimen militarra Gasteizen egitea 1990 urteko udal mozioei iruzur egitea dela ere salatzen dute Gasteizko eragileek. Bi mozio onartu zituen Gasteizko Udalaren Osoko Bilkurak urte horretako maiatzean. Batean, "gizarte desmilitarizatua, demokratikoa eta justua, bere benetako etsaien aurka borrokatzeko gai dena – pobrezia, langabezia, kulturarik eza etab.–“ aldarrikatu zen. Bigarrenak, "udal barrutian edozein ekintza edo geldialdi militar egitea ekiditea" eskatu zuen.

Kontzentrazioa militarren aurrean

Gasteizko Talde Antimilitarista, Emakumeok Gerraren Aurka eta Ongi Etorri Errefuxiatuak Araba taldeek, besteak beste, kontzentrazioa deitu dute hitzaldia burutuko den toki eta ordu berean, “Gasteiz desmilitarizatu eta antimilitarista” baten alde: “Gaurkoa bezalako ekitaldiekin, gerrak hemen hastea bultzatzen da eragiten dituzten ondorio negargarriekin: heriotzak, errefuxiatuak eta lekualdatuak, suntsipena, miseria eta gosea. Guk, aitzitik, hiri antimilitaristaren lekukoa jasoz, tinko jarraituko dugu militarismoari gure lurra eta ongarri soziala ukatzen, hazi hori garatu ez dadin”.