argia.eus
INPRIMATU
Espainiako Armadak Bardeetako tiro poligonoa bisitatzea ukatu die Nafarroako parlamentariei
  • EH Bilduk, Geroa Baik eta Contigo-Zurekinek ekainean egin zuten eskakizuna, eta Espainiako Armadak ezetz erantzun berri du arrazoirik eman gabe, koalizio moreko Daniel Gómez bozeramaileak salatu duenez.

Mikel Urabaien Otamendi @mikel_ura 2024ko urriaren 24a
Phanton ehiza-hegazki bonbaketari bat entrenamenduetan, 1986an. Wikimedia. AEBetako armada / David Nolan. Domeinu Publikoa.

Pasa den ekainean, EH Bilduk, Geroa Baik eta Contigo-Zurekinek Nafarroako Parlamentuko Landa Garapen eta Ingurumen batzordeak Bardeetako tiro poligona bisita zezan eskatu zioten Espainiako Armadari. Erantzuna lau hilabete beranduago iritsi da, proposamenari uko eginez.

Entsegu militarrek Natur Parke eta Biosferaren Erreserba honen “ingurugiroan dituen ondorioak zuzenean ezagutzeko asmoz” egin zuten eskaera aipatutako alderdiek, Daniel Gómez Contigo-Zurekineko bozeramaileak foru legebiltzarreko asteroko prentsaurrekoan azaldu moduan. Parlamentariak esan du “azalpenak” eskatuko dizkiotela Espainiako Defentsa Ministerioari, armadak ez omen baitu inolako arrazoirik eman ezta “beste data proposamenik eskaini” ere.

Aldez aurretik, 2007an edota 2018an, Nafarroako Parlamentuak ere bisitak egin izan ditu eta uste dugu legebiltzarkideok eskubidea dugula egokitzat jotzen dugun informazio guztia eskuratzeko. Ez dut uste informazioa ezkutatzeak onurarik egiten dion gizarteari”, kritikatu du Gómezek.

Bisita eskaera hau tiro poligonoa desegiteko mozioa bertan behera geratu eta gero erregistratu zuen alderdi moreak EH Bildu eta Geroa Bairekin batera. Izan ere, PSNk, UPNk, PPk eta Voxek ezezko botoa eman zuten aurreko maiatzaren 30eko osoko bilkuran. Proposamena aurrera atera izan balitz, ekimenaren aldeko talde politikoen ideia Espainiako Gobernua presionatzea zen, Bardeetako inguruko udalerriekin batera, 2028an amaitzen den lurren lagapena gehiago ez luzatzeko.

Gogoratu beharra dago 1951n ireki zela poligonoa eta azkeneko 34 urteetan honen aurkako herri martxak egin izan direla urtero. Denbora horretan erakunde ekologisten zein antimilitaristen oposizio betea izan du beti tiro eremu honek, Europa osoan benetako munizioa erabiltzen duen bakarra. Praktika horien ondorioz zaurituak ere izan dira hainbatetan. 2015ean, adibidez, metrailadore baten tiroak poligono militarraren perimetrotik kanpo autoz gidatzen ari zen lagun bat besoan zauritu zuen. Urte berean, eta oraingoan ere tiro eremutik at, militarrek bi ke bonba lehertu zituzten inguruetan zebilen bi mendizaleren ondoan".