EH Bilduk salatu du joan den abuztuaren 30ean Espainiako armadak maniobrak egin zituela Urkiolako Parke Naturalean, debekatutako eremuan alegia. Bizkaiko Foru Aldundiko Iraunkortasun eta Ingurune diputatuak, Elena Unzuetak, baieztatu du –koalizio abertzaleak Batzar Nagusietan galdetuta– armadak ez zuela maniobra horiek egiteko baimenik eskatu, ez Aldundiari berari, ez parkeko patronatuari, ezta inguruko udalei ere.
David Lopategi EH Bilduko batzarkideak BBNNetako Iraunkortasun eta Ingurune Natural Batzordean esan duenez, 23 ordu iraun zuten maniobrek, eta jakinarazi gabe egin zituzten. Iragarri gabeko maniobra militarrak egitea espainiar armadaren ohiko jokabidea dela gehitu du Lopategik.
Elena Unzueta diputatuaren esanetan, Aldundiak ezin du ziurtzat jo aipatutako maniobrak egin zirenik, basozainek ez baitzituzten ikusi. Horregatik ez da espedienterik ireki. Aldiz, Abadiñoko Udalean ordezkaritza duten hiru indarrek (independenteak, EH Bildu eta EAJ) gertakaria gaitzesteko agiria kaleratu zuten abuztu amaieran. EH Bilduren iritziz, salaketa hori nahikoa izan beharko litzateke Aldundiak prozedura martxan jartzeko.
EAJren izenean, Jesus Lekerikabeaskoa batzarkideak Espainiako armadari eskatu dio arauak bete ditzala, eta gaineratu du salatutako jokabidea –baieztatuko balitz– ez dela batere eredugarria. Bestalde, Elene Unzueta diputatuak zehaztu du maniobrak debekatuta egon arren, armadak baduela baimena oinezko martxak egiteko.