Espainiako Estatuak 680 milioi dolar (530 milioi euro inguru) bideratu ditu S-80 itsaspekoa diseinatu eta eraikitzera. Azaldu zutenez berrikuntza tekniko ugari ditu, baina “akats teknikoak” direla eta, behar baina 100 tona gehiago gehitu dizkiote eta beraz, baliteke behin urperatuta itsaso hondotik ezin urgaineratzea.
Navantia estatu enpresak eraman du aurrera proiektua, bere aurrekontuaren herena gastatuz. Defentsa ministroak onartu du “desbideratzeak” egon direla, eta 2015eko martxorako aurreikusita zegoen urperatzea “urtebete edo bi” atzeratzea erabaki dute.
Gehiegizko pisuak flotatzeko gaitasuna urritzen dio itsaspekoari, eta urgaineratzeko indarrik gabe gera liteke. Arazoa konpontzeko, kanpoaldea handituko dute, 7,5 milioi euroko gastua medio.
S-80aren zain dirauten bitartean, Espainiak erabili daitezkeen bi itsaspeko ditu. Horietako bat, S-74a, zaharkituta dago eta ez dute baztertu 30 milioi euroko erreforma egitea.