argia.eus
INPRIMATU
Espainiak langabezia gehien duen Europar Batasuneko estatua izaten jarraitzen du
  • Langabezia orokorrean eta gazte langabezian Europar Batasuneko datu okerrenak ditu Espainiak, eta Frantziak, berriz, laugarren datu okerrenak.

IƱaut Gonzalez de Matauko Rada @inautogdm 2022ko maiatzaren 06a

%13,5eko langabezia tasa du Espainiako Estatuak, Europar Batasuneko okerrena; Europar Batzordeak argitaratu ditu azken datuak. EBeko bataz besteko langabezia %6,2koa da, eta Eurogunekoa, berriz, %6,8koa. Grezia da Espainiaren ostean datu okerrenak dituen herrialdea, %12,9ko langabezia tasa baitu, eta hirugarrena Suedia da, %7,6rekin. Frantzia da hurrengoa, %7,4eko langabezia tasa baitu.

Gazte langabeziari dagokionez, Espainia da ere datu okerrenak dituen herrialdea: gazteen %29,6 baitago langabezian. Grezian datu hau %27,2koa da, eta Italian, berriz, %24,5ekoa. Frantzia hamargarren postuan dago, %16,3ko datuarekin. Europar Batasunaren bataz bestekoa %13,9 da gazte langabezian, eta Eurogunean ere tasa hau %13,9koa da.

Langabezia orokorrean Txekia da datu onenak dituena, biztanleriaren %2,3a baitago langabetua, eta gazte langabeziari dagokionez, Alemania da egoera onenean dagoen herrialdea, tasa hau %5,5ekoa baita.