argia.eus
INPRIMATU
Espainiak istiluen kontrako materialerako aurrekontua handitu du
  • Espainiako Gobernuak 2013rako aurrekontuan “istiluen kontrako materialerako eta defentsa eta babeserako beharrezko ekipamendurako” diru gehiago bideratuko du. Aurreko urtean 173.670 euro bideratu zituzten, eta aurten berriz, 3,26 milioi euro.

Martin Vicioso @martinvicioso 2013ko maiatzaren 28a
Istiluen kontrako polizia, Madrilen (Argazkia: 20 minutos)

Barne Ministerioak dio manifestazioen eta protesten ugaritzeak eragin duela gastua igotzea. 2016rako gai honetan 10,02 milioi “inbertitzea” aurreikusten dute, egun duten materiala berritzeko. Besteak beste, balen kontrako txalekoak, gas negar-eragilea, borrak, ezkutuak eta gomazko pilotak erosiko dituzte.

Halaber, helarazi berri duten ohar batean azaldu dute Segurtasun sailean aurrekontuaren %5,74 murriztu dutela. Hau da, ohiko poliziari kendu diotena istiluen kontrako taldeak jasoko du.

Mariano Rajoyk zuzentzen duen Gobernua manifestazioak eta protestak zorrozki kontrolatzearen alde agertu da. Madrilgo Autonomia Erkidegoan Gobernuaren ordezkari Cristina Cifuentesek esana du manifestazio eskubidea “modulatu” behar dela eta protestak debekatu behar direla, baldin eta “ordena publikoa aztoratzen badute”.

Agenteen entrenamendua ere aldatu dute, ustez, beste egoera batzuei aurre egin ahal izateko. Poliziaren Sindikatu Batuak salatu duenez, gomazko pilotak zuzenean, eta ez lurrera, jaurtitzera behartu dituzte probetan.