300 militar bidaliko ditu Espainiak Irakera, asteazkenean diputatuen kongresuak onartutakoaren arabera. EAJk erabakiaren alde bozkatu du eta Amaiur ez da bozketan izan, Espainiak Iraken interbenitzeko “zilegitasunik” ez duela argudiatuta.
PPk, PSOEk, CiUk eta UPyDk babestu dute, jeltzaleez gain, militarrak bidaltzea.
Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidente izendatu ostean atera ziren Iraketik militar espainiarrak, 2003ko inbasioan parte hartze zuzena izan ondoren –1.300 soldadu bidali zituen Jose Maria Aznarren gobernuak AEBetako eta Erresuma Batuko armadek lideratutako erasoa babestera–.
Oraingoan Estatu Islamiarraren aurka egiteko xedearekin bidaliko dituzte soldaduak eta Pedro Morenes Espainiako Defentsa ministroak saihestu egin du operazioa 2003koarekin alderatzea.
Onartutako planaren arabera, 35 milioi euro kostako da soldaduak bidaltzea. 300 militarretatik 10-20 artean kuartel nagusietan ariko dira; 96k operazio berezietako unitatea osatuko dute, militar irakiarrak “entrenatzeaz” arduratzeko; beste 95 ohiko brigada gisa ariko dira eta gainontzeko 80ak aginte eta kontrol zereginetan jarduteko joango dira, El Paísek argitaratu duenez.
Operazioa 2014ko amaieran hasiko da, Europa Pressek argitaratu duenaren arabera.