Pentsatu baino lehenago ekin dio Kataluniako Legebiltzarrak Espainiarekiko deskonexioari. Urratsak dira, sinbolikoak, baina hortik hasten da. Espainiak Brunete juridikoa mobilizatuko du lehenbizi. Hemen prozesuaren unea hobeto ulertzeko zazpi gako.
Katalan Errepublika. Ez dago halakorik oraindik, baina bai berau egiten hasteko tresna ugari –egungo autonomiak eskaintzen dituenak– eta errepublika abian hasi da jada: hilabetean prozesu konstituziogilea, ogasun publikoa eta gizarte segurantzari buruzko legeak egiten hasi beharko da legebiltzarra. Onartu, aldiz, ez dira onartuko aurreikusitako 18 hilabeteetan oso aurrera egin arte, bestela Konstituzio Auzitegiari berauen aurka egiteko aukera emango litzaioke.
Desobedientzia. JxSí eta CUPek “deskonexio demokratikoa” deitu dute akordioan. Hasi da jada, eta joango da gauzatzen talka txikietan. Hauen administrazioan dago gakoetakoa, hauek nola erabili prozesu independentistaren mesedetan. JxSíren bide orrian desobedientzia aurrerago aktibatzea espero zen, baina CUPk behartu du “deskonexioa"rekin aurreratzea.
Mas presidente? Azaroaren 9a baino lehenago izendatu behar du Gobernuko lehendakaria Kataluniako Parlamentuak eta seguruenik egun horretan bertan egingo da izendapenerako osoko bilkura. CUPek berean jarraitzen du, Mas ez da lehendakari izango, baina eduki dezake funtzio garrantzitsurik gobernuan eta prozesuan. Posible da oraingo akordioarekin JxSí-k amore eman izana “deskonexioa”ren kontuetan eta CUPek Masen izendapenean. Laster ikusiko da nola.
Hauteskunde berriak. Ez dirudi halakorik gertatuko denik, ez behintzat CUP eta JxSí-ren desadostasunaren ondorioz. Horrek itxura benetan kaskarra emango zukeeen. Uneren batean hauteskundeak berriz deitzen badira, independentismoari hala interesatzen zaiolako izango da. Aldea oso handia da.
155. artikulua. Ez dirudi oraindik indarrean jarriko denik. Borroka honetan Espainiako Gobernuaren tresna bat gehiago da –beldurra, mehatxua–, baita indarrean jarri aurretik ere. Erreformatu berri da Konstituzio Auzitegiaren jarduna eta honek, zerbait agintzeaz gain, agindua betetzen ez duena zigortzeko aukera izango du orain. Itxura guztien arabera, hori izango da bidea, pertsona zehatzak zigortzea. Zigorretan, inhabilitazioetatik hasiko da eta hortik aurrera neurri asko har ditzake. Baina horiek ez dute prozesua geraraziko. Beraz, zigor neurriek gero eta gogorragoak izan beharko dute. Noraino?
Indarra. Hor da klabea, indarra noren eskuetan den, azken finean horixe baita estatuaren muinetakoa, indarraren monopolioa. Egun, hori batez ere Espainiaren esku dago, baina indarra izatea bezain garrantzitsua da berau erabiltzeko legitimitatea: Espainiak izango luke horretarako legitimitatea Espainian bertan, baina ez Katalunian eta, gaurkoz behintzat ezta nazioartean ere. Mossoak dira Generalitateak duen indarraren monopolio zatiaren erakusle argiena. Pultsua, beraz, haiengan irudikatuko da aurrerantzean hainbatetan. (Gaurko Pandora operazioa, adibidez, Mossoek egin dute, Auzitegi Nazionalaren aginduz).
Legezko erreferenduma. Independentismoa zatitzea izango da Espainiaren zeregin garrantzitsuena, horrela bakarrik saihestu ahal izango baitu prozesu independentistak aurrera egitea. Estatuaren indarraren erabilera –zigorrak oraingoz– eta hedabideen erabilera giltzarri izango dira horretarako. Independentistek batera jarraitzen badute, Estatuak legezko erreferenduma onartu beharko du ezinbestean, Kataluniari eusteko azken tresna gisa. Espainiaren jarrera itxiak katalan independentistak indartzen ditu etengabe, baina hauek ere ezin dute independentziarik aldarrikatu gizartean sostengu handiagoa izan gabe. Hori lortzen saiatuko dira eta, estatu egiturak prestatzearekin batera, horri begira elikatuko dute prozesu osoa.