Estrasburgoko Giza Eskubideen epaitegiak ‘Parot doktrina’ ezeztatzearekin batera 30.000 euroko ordaina ezarri zuen Ines Del Riorentzat. Espainiak uko egin dio ordaintzeari.
Gaia hilabeteetan bolo-bolo ibili den arren, bart eman dio Espainiako estatu abokatuak Europako Batzordeari erabakiaren berri: ez dio Europaren aginduari men egingo.
Eragindako “kalte moralengatik” ordaindu behar du Gobernuak indemnizazioa. Aitzitik, Madrilek dio 1,6 milioi euro inbertitu dituela Del Riok eragindako “kalteak” kubritzeko. Beraz, kalte-ordaina eta epai prozesuaren kostuak –1.500 euro– 1,6 milioi euro horietatik kenduko ditu, preso ohiari zuzenean eman beharrean.
Auzitegi Nazionalarengana jo zuen Del Rioren abokatuak Espainiak sententziaren neurri ekonomikoari uko egiteko asmoa azaldu zuenean. Epaitegiak, baina, Estatuari eman zion arrazoia.
Orain, Europako Batzordeak Espainiaren jarreraren inguruan dioena ikustea falta da.