argia.eus
INPRIMATU
Espainiak eta Frantziak AEBekin kolaboratu dute espioitzan
  • Espainiako eta Frantziako segurtasun zerbitzuek laguntzen diote AEBetako NSA segurtasun agentziari inguruko herrialdeak espiatzen, The Wall Street Journalen arabera.

Saioa Alkaiza Guallar @SaioaAlkaiza 2013ko urriaren 30
NSA segurtasun agentziaren egoitza. (Arg: AFP Photo)

Bi herrialdeetako segurtasun erakundeek telefono deiak kontrolatu dituzte gerran dauden zonaldeetan eta euren mugetatik gaindi dauden guneetan ere bai.

NSAko buruen hitzetan, europar agentziek informazioa NSArekin partekatu dute, AEB, soldaduak eta zibilak “babesteko”.

El Mundo egunkariak aurreko astean jakinarazi zuenez, Espainian 60,5 milio dei aztertu ditu NSAk, eta Frantzian 70 milioi. NSAko kide James Claperrek azaldu du datu horiek ez direla “zehatzak”.

Amerikako Estatu Batuetako iturri ofizialek salatu dute “gaizki” ulertu dela deien espioitzari buruzko txostena. Horien arabera, dokumentuak dio NSAk deien informazioa jaso zuela, baina Frantzia eta Espainia arduratu zirela dei horiek kontrolatzeaz.

Informazio honek jo mugan jartzen du Europak espioitza elektronikoan jokatu duen papera. Azalpenek nazioarteko harremanak kolokan jar ditzakete.

Dena den, espiotza kasu hau ez dago zuzenean lotuta Europako agintari politikoei egindako zelatekin. Espainiak eta Frantziak ez dituzte, beraz, inguruko politika buruak espiatu, baizik eta herritarren deiak.

Espainiako Estatuko segurtasun agentziak ez du gaiaren inguruko informaziorik eman: “Espainiako legeak ez digu baimentzen gainontzeko segurtasun agentziekin dauzkagun harremanak azaltzea”, esan du.

AEBak ere ez du espiotza kasuetan Europako herrialdeek betetzen duten paperaren berri eman.