argia.eus
INPRIMATU
RTVEko presidentea: “Espainiak ez zuen Amerika kolonizatu, zibilizatu baizik”
  • “Espainia ez zen inoiz kolonizatzailea izan, ebanjelizatzailea eta zibilizatzailea izan zen”.  José Antonio Sánchez RTVE korporazioaren buruak bota ditu aurreko hitzak, non eta Madrilgo Amerikako Etxean emandako hitzaldian.

Lukas Barandiaran San Roman 2017ko apirilaren 05a
José Antonio Sánchez RTVEko burua. (Arg.: RTVE)

El País-ek jaso dituen hitzek egonezina sortu dute sare sozialetan. Sánchezek ondorengo esaldiak bota ditu, besteak beste:

“Inperio aztekaren desagertzeagatik penatzea, II. Mundu Gerran nazien porrotagatik penatzea bezalakoa da”.

“Herri indigenak sarraskitu eta beren kultura amaitu zuen herri atzeratu eta barbaro batez mintzo da kondaira beltza, herri espainiarraz. Batzuek lotsatu gabe diote kultura indigena gurea baino hobea zela”.

“Nork esan dezake garai hartako espainiarrak gizakien triskantzan jardun zirenik? Amerikara joan ziren espainiarrak aspalditik zituzten gorteak, zuzenbidearen menpe jarrita zuten edozein botere edo bidegabekeria, katedralez betetako herrialde batean bizi ziren eta Mendebaldearen erreferentea zen artearen zentzu guztietan”.

“Gauza txarrak egin zirela? Norbaitek esan diezadala zein konkistatan ez zen halakorik egon”.

PPk izendatuta

EFE, ABC eta La Razón bezalako medioen kolaboratzailea, Sánchez Alderdi Popularrak izendatu zuen RTVEren buruz bezala 2002an, eta bi urtez egon zen postu horretan. 2014ko urritik berriro ari da kargu horretan lanean, eta hango langileek bere kargugabetzea eskatu dute “degradazio etiko eta deontologiko sakonagatik”.