Bi urtez María Servini epailearen eskaerei jaramonik egin gabe egon ostean, Justizia Ministerioak lurralde auzitegitara bideratu ditu eskaerak. Martín Villa, Utrera Molina eta Muñecas daude inputatuen artean.
Oraingoan ezin izan dio izkin egin, eta Espainiako Gobernuak kargu frankistak galdekatzeko izapideak abiarazi behar izan ditu. Orain artean, María Servini epaile argentinarraren eskaerak bazter utzi eta estradizioak ukatu ditu Espainiak, baina Argentinarekin arlo penalean dituzten akordioek ahalbidetu dute hemeretzi kargudun frankista itauntzea. Hala, Espainiako auzitegietan deklaratu beharko dute, besteak beste, Rodolfo Martín Villa eta José Utrera Molina ministro ohiek, baita Antonio González –Billy el Niño goitizenez ezagunagoa–, eta Jesús Muñecas polizia ohiek ere.
Hemeretzi inputatuetatik hamazazpik lehendabiziko aldiz deklaratuko dute –González eta Muñecasek Auzitegi Nazionalean egin zuten–, hilketa, tortura eta haurrak lapurtzeagatik inputatuta. Kereilaren abokatu Carlos Slepoyk adierazi duenez, “eskaera garrantzitsua da, eta Espainiako Gobernua oztopatzen saiatu dena berdintzen lagunduko du".
Oraindik data jarri gabe egon arren, galdeketak urrian zehar egitea aurreikusten da. Espainiako Justizia Ministerioak lurralde auzitegietara bideratu du gaia, eta haien erantzunaren zain dago Argentinako Justizia. Slepoyren arabera, galdeketetan parte hartuko du María Servini epaile eta auziaren bultzatzaile nagusiak.
Ortiz Alfauren lekukotza
“Argentinako kereila" deiturikoaren barruan, Bilboko Auzitegian deklaratu zuen astelehenean Luis Ortiz Alfauk. Bere esanetan, “sekulako izugarrikeriak” jasan behar izan zituen, eta gerra garaian eta frankismoan gertatua kontatu nahi izan du, “berriro gertatu ez dadin”.
“Askatasunaren defendatzaileentzat” gerra ondorena oso gogorra izan zela salatu du, eta Espainiako Gobernuaren jarrera arbuiatu: “Memoria historikoa alboratu dute, eta Argentinatik etorri behar izan du epaile batek”.