argia.eus
INPRIMATU
Espainiak 168 milioi ordaindu ditu afrikarrak bere lurretara irits ez daitezen
  • Mauritaniak eta Senegalek 15 eta 25 milioi euro jaso dituzte urtean hurrenez hurren Espainiako Gobernuak emanda 2006az geroztik, herrialde horietako itsas-mugak kontrolpean izatearen truke.

Itsaso Zubiria Etxeberria 2017ko ekainaren 21a
(Argazkia: correodiplomatico.com).

Jose Luis Rodriguez Zapaterok hasitako politika horrekin jarraitu du Mariano Rajoy Espainiako presidenteak. Datuok Jon Iñarritu EH Bilduko senatariak egindako galdera baten harira egin dira publiko. Bi herrialde hauetako bakoitzari 500.000 euro ematen zizkion urtean Espainiak garapenaren izenean 2005ean, eta hortik aurrera 15 eta 25 milioi euro artean jaso dute urtero, El País egunkariak argitaratutakoaren arabera.

Garapena eta mugen kontrola

2006tik aurrera Mauritaniak eta Senegalek jaso duten dirua nola banatu dute garapenaren eta mugen kontrolaren artean? Mauritaniak guztira 108,45 milioi euro jaso ditu; horietatik 88,6 milioi mugen kontrolera bideratu dira eta 19,8 milioi garapenerako laguntzetara. Senegalen kasuan, berriz, guztira 59,7 milioi euro jaso ditu 2006az geroztik, eta horietatik 34,9 milioi erabili dituzte mugen kontrolerako, garapenean 24,8 milioi inbertitu dituzten bitartean.

Guardia Zibilaren kolaborazio zuzena

Guardia Zibilak lan egiten du bi herrialde horietako mugen kontrolean, bertako poliziarekin batera. Espainiak ematen duen laguntzaren barruan sartzen dira militar espainiarren eta beren itsasontzi eta hegazkinen presentzia, baita hauek bertako segurtasun indarrei emateko prestakuntza ere.

Europar Batasunarentzat Espainia eredu

Espainiak “etorkinen krisiaren” aurrean egindako politika hau eredutzat hartu du Europar Batasunak. Hartutako bide honekin Espainiak lortu du 2006an lur horietara iritsi ziren 31.678 etorkinen kopurua 2016an 671ra jaistea.