argia.eus
INPRIMATU
Espainia, ustelkeriaren rankingean gora
  • Transparency Internacional (TI) erakundeak egindako munduko estatuen ustelkeria rankingean, 40. postua eskuratu du Espainiako estatuak. 10 postu galdu ditu eta TIk Espainiako Gobernuari leporatu dio ustelkeria delituak “serio” ez hartzea.

Saioa Alkaiza Guallar @SaioaAlkaiza 2013ko abenduaren 04a
Ustelkeria salatzeko protestak. (Arg: Huffingtonpost.es)

Inkestetan eta ikerketetan oinarrituz, ustelkeriaren inguruko herritarren pertzepzioa biltzen du urtez urte ‘Gardentasun Txostenak’, 1995az geroztik.

Aurten, Espainiak izan du jaitsiera nabarmenetako bat, Siriarekin batera; biak ala biak 10 toki beherago daude –Siria gerra zibil betean dago. Espainia da, beraz, gehien jaitsi den estatu “demokratikoa”–. 100 puntu zeuden jokoan eta 59 lortu ditu.

Anne Koich TIko Europako ordezkariak nabarmendu du Espainian “sektore guztiak” daudela sartuta azpijoko politiko eta ekonomikoetan. “Enpresak, alderdi politikoak eta monarkiako kideak, denak daude saltsan”.

Era berean, azpimarratu du herritarrek oso baliabide gutxi dauzkatela Gobernuaren gastuen nondik norakoez jabetzeko. Eta salatu du Espainiako ‘gardentasun legea’ “oso eskasa” dela.

Transparency Internatiocanaleko Amerikako arduradunak ere haren kidearen bide beretik jo du. Dioenez, “eskandaluak bata bestearen atzetik” izan ditu Espainiak. Haren iritziz, legedian “ahulgune asko” dauzka: hala nola, ‘lurraren legea’ eta kontratu publikoen esleipena. Gauzak horrela, inpunitatearekin bukatzeko eskatu dio Madrili.

Europarrekin alderatuz gero, erdibidean

Europako 30 herrialdeen klasifikazioak kontuan izanda, Espainia europarren arteko 19. lekuan kokatzen da, Portugalen, Zipreren eta Poloniaren atzetik.

Zerrenda osoa International Transparencyren webgunean ikus daiteke, baita ikerketan lortutako ondorioak biltzen dituzten infogramak ere.

Danimarka eta Zeelanda Berria, gardenenak; Somalia, ustelena

Danimarka eta Zeelanda Berria dira zerrendako liderrak, puntutan berdinduta: 91 eskuratu dituzte biek. Hirugarren postuan, Finlandia dago; laugarrenean, Suedia; eta bosgarrenean, Norvegia.

Beheko postuei dagokienez, Afganistanek, Ipar Koreak eta Somaliak betetzen dituzte; 100 puntutik zortzi baino ez dituzte buruko.

Finn Heinrich ikertzaileak txostenak argitaratutako datuak azaldu ditu: “Ustelkeriak txirotutako herrialdeei egiten die kalte handiena”. Ondorioz, pobrezia gainditzeko, ezinbestekotzat jo du gardentasuna bermatzeko politikak indarrean jartzea.

Ikusi ustelkerian rankingaren mapa interkatiboa: