argia.eus
INPRIMATU
Espainia salatu dute Europan, zentral elektrikoei emandako milaka milioi euroko laguntzak direla eta
  • IIDMA institutuak eta Energia Eredu Berri Baterako Plataformak Espainiako Estatuaren aurkako salaketa ipini dute Europako Batzordean, hainbat urtez zentral elektrikoei emandako diru-laguntzak legez kanpokoak direlakoan. Salaketak aurrera eginez gero, espainiar argindar konpainiek 3.000 milioi euro itzuli beharko lituzkete, 2011-2015 epeari dagokionez bakarrik.

Unai Brea @unaibrea2 2017ko ekainaren 28a
Boroako zentral termikoa, Zornotzan (Arg.: Kepa Diez Ara-CC By SA)

Salatutako ordainketak ahalmenaren truke emandakoak dira. Alegia, zentralak irekita egote hutsagatik jasotzen duten diru-laguntzak, energiarik ekoitzi ez arren. Izan ere, gaur egun estatuan dauden ziklo konbinatuko zentralek beren ahalmenaren %10 baino ez dute jaulkitzen sare elektrikora. EAEn %15 ingurukoa da portzentaje hori, Nafarroan berriz hutsaren hurrengoa.  

90eko hamarkadaren amaieran sektorean emandako liberalizazioa izan zen abiapuntua. 2000. urte inguruan hasi ziren ziklo konbinatuko zentralak barra-barra eraikitzen Espainiako Estatuan, hazkunde aurreikuspenak oso handik ziren une batean. 2008an, eskariaren burbuilak eztanda egin zuenean, ziklo konbinatuetako zentraletan 27.000 megawatteko potentzia zegoen instalatuta, beharko zena baino askoz gehiago.

Beste energia iturri mota batzuek lehentasuna dutenez, potentzia horren zatirik handiena merkatura atera ezinik geratu ziren konpainia elektrikoak. Gobernuak, orduan, ahalmenagatiko ordainsaria ezarri zuen: energia premia dagoen uneetarako zentral horien energia eskuragarri izate hutsagatik dirua jasotzen hasi ziren enpresak. Liberalizazioa bai, baina ez erabatekoa.

Laguntza horiek urtero 700 milioi euroko gastua eragiten dute, kontsumitzaileen poltsikoetatik ateratzen dena. Energia berriztagarriek ezin dute mota horretako laguntzarik eskatu, IIDMA eta Energia Eredu Berri Baterako Plataformak nabarmendu dutenez. Haien salaketak arrakasta badu, 2011-2015 epeagatik soilik energia konpainiek 3.000 milioi euro inguru itzuli beharko lituzkete, Merkatuaren eta Lehiakortasunaren Batzorde Nazionalak emandako datuen arabera.