Hogei gizarte erakunde eta abokatuk –tartean Andaluziako Giza Eskubideen Aldeko Elkarteak, Red Juridica sareak eta Observatori del Sistema Penal i els Drets Humans elkarteak – Espainiako espetxeetatik berehala ateratzea eskatu dute horietan dauden preso gaixo larriak eta 70 urte baino gehiagokoak, koronavirusaren aurrean arrisku bikoitza duen taldea delako.
Bereziki arrisku bizian diren presoen askatzeaz gain, neurri bera eskatu dute erabiltzea prebentziozko presoekin, beharrezko izanez gero beste kontrolen batez zainduz. Espainiako Barne Ministerioan aurkeztutako idatzi batean ohartarazi dute koronabirusak bereziki kaltebera den populazio batean izan ditzakeen ondorioez, eskatuz kutsatutako presoak instalazio mediku batean bakartzea, eta ez bakoitza ziega batean.
Espetxeetara egindako bisitetan ezarritako murrizketen aurrean, erakundeok eskatu dute Ministerioak presoei eskaini dizkien aparteko telefono deiak doakoak izatea, lokutorioetako ahozko komunikazio arruntak ugaritzea eta bideo-deiak egiteko sistema bat instalatzea.
Erakundeek zera diote beren oharrean: "Presazko neurriak hartu behar dira, batetik, kartzelen barruan koronabirusa zabaltzea saihesteko eta, bestetik, askatasunik gabeko pertsonen oinarrizko eskubideak bermatzeko".