argia.eus
INPRIMATU
Espainia eta Frantziako selekzioekin jokatzeari uko egin diote 50 pilotarik
  • Euskal Herriko pilota selekzioa aldarrikatu du dozenaka pilotarik Hendaian egindako ekitaldi batean. Erabakia larunbatean, Hendaiako Beltzenia pilotalekuan egindako ekitaldi batean ezagutzera eman zuten.

Manex Usarralde Garmendia 2024ko uztailaren 01a

22 urtez azpiko Munduko Euskal Pilota Txapelketa bat jokatuko da Euskal Herrian abuztuan, Iruñean. Bertan euskal pilotariak Espainia edo Frantziako selekzioarekin parte hartzera behartuak izango dira. Hori salatu zuten larunbatean Hendaian egindako ekitaldian.

Espainiako selekzioari uko egin dion Amaia Larralde eta pausu hori aurretik emana zuen Ekhi Ziarrusta pilotariek irakurri zuten komunikatua, Berria-k argitaratu zuenez: “Gu, euskal pilotariak garenez, gure nazioaren koloreekin eta gure ereserkiaren doinupean lehiatu nahi dugula aitortzen dugu. Beraz, Euskal Herriko selekzioak nazioartean eta txapelketa ofizialetan parte hartzeko duen eskubide kolektiboan eta indibidualean oinarrituta, zazpi herrialdek osatzen duten Euskal Herriko selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatzen dugu”. Pilotariek Ez Frantzia, ez Espainia, gurea Euskal Herrikoa da leloa zeraman pankarta eutsi zuten. Babesa ematera joan zirenek Ofizialtasuna zihoen beste bat.

Egitasmoaren antolatzaileek adierazi zuten Euskadiko, Bizkaiko, Arabako, Gipuzkoako eta Iparraldeko pilota federazioek “trabak” jarri dizkietela ekitaldia egiteko. EH Bilduk eta EH Baik pilotariek egindako aldarrikapenari babesa eta elkartasuna adierazi diete: “Euskal Herria nazioa da eta eskubidea du nazioarteko lehiaketa guztietan bere selekzioarekin ordezkatua izateko”. Bi alderdi politikoek konpromisoa hartu dute, “arlo guztietan lan egiten jarraitzeko, Euskal Herriko kirol selekzioak ofizialki lehiatzea lortzeko helburuarekin”.