argia.eus
INPRIMATU
Alderdien kritikak jaso ditu Espagnac-ek Lurralde Elkargoaren ordez proposatutako antolamenduak
  • Frederique Espagnak senatari sozialistak Lurralde Elkargoaren aldeko manifestazioan parte hartu eta bi egunera, ekimen hori ade batera utzi eta Antolamendu eta Kooperazio Polo bat sortzea proposatu du.

Jon Torner Zabala @jtorner 2013ko ekainaren 05a
"Metropoli poloa" sortzea proposatu du Espagnacek. (Argazkia: Frederiqueespagnac.com)

Frantxua Maitia hautetsi sozialistak adierazi duenez, Marylise Lebranchu Deszentralizazio ministroaren oniritziarekin aurkeztu du Espagnacek "metropoli poloaren" aldeko emendakina.

"Irudiz Lebranchuk adostasuna ekarri dio Espagnacen emendakinari", esan du Maitiak Euskal Irratiek egindako elkarrizketan. "Senatuan zuzenketa astearen bukaeran aztertua izatea espero da", gaineratu du. Bestetik, Frantziako Barne ministro Manuel Vallsek azken egunotan esandakoen harira, Maitiak adierazi du hura karguan den bitartean ez dela Lurralde Elkargorik izango.

Espagnacek Senatuan aurkeztuko duen emendakinak kontrako erreakzio ugari jaso du. Kazeta.info-k bildu ditu guztiak.

Colette Capdevielle diputatu sozialistak esan du astelehenean izan zuela emendakinaren berri, eta konponbide hori "gutxieneko aukera" dela gaineratu du.

Max Brissonek, departamenduko UMPko presidente eta Lurralde Elkargoaren aldeko koordinakundeko kideak, Espagnac kritikatu du: "Kolektibitatearen aldeko desmartxan lortu dugun kontsentsua eta garrantzi kolektiboak mehatxatuak dira ekimen pertsonalengatik. Espagnacek larunbatean Baionan estatutu bereziko Kolektibitatea defenditzen du, eta astelehenean Parisen metropoli poloa proposatzen du".

EAJk, bestalde, "baztertzen du Frederic Espagnac-en Iparraldearen aldeko baserri antolaketaren polo baten emendakin proposamen hau bai egiteko moldean, bai edukinean". Alderdi jeltzaleak dioenez, "alde bakarreko desmartxa hobek Iparraldean izan den lan amankomunarekin ez du bat egiten. Hiru urtez, Garapen eta Hautetsien Kontseiluek egin lana, Iparraldeko Lurralde Elkargoaren bazterketa agerian uzten du. Edukinean, antolaketa polo hau gibelezko urratsa da".

Pello Etxeberri-Aintzart EH Bai-ko kidearen hitzetan, "Espagnac eta bere jarrera lainotsuak argitzen ari dira emendakin proposamen honekin; ahalgingarria".