argia.eus
INPRIMATU
Espagnac, Brisson eta Saint-Pék segituko dute Ipar Euskal Herriko senatari izaten
  • Azken sei urteetan senatari izandakoek segituko dute Frantziako Senatuan: Frederique Espagnac (Alderdi Sozialista, ezkerra), Max Brisson (Errepublikanoak, eskuina) eta Denise Saint-Pé (Modem, zentroa). Hauteskunde horietan ez dute zuzenean herritarrek bozkatzen eta Ipar Euskal Herria eta Biarnoa barne biltzen dituen Pirineo Atlantikoetako 1.879 hautesle handi –diputatuak, departamenduko eta eskualdeko kontseilariak eta herriko kontseiluetako ordezkariak– deituak ziren bozketarako.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2023ko irailaren 24a
Ipar Euskal Herriko hiru senatariak, ezkerretik hasita, Saint-Pé, Espagnac eta Brisson. Argazkia: Bixente Vrignon

Ez da aldaketarik gertatu Ipar Euskal Herria eta Biarnoa barne biltzen dituen departamenduan: Frederique Espagnac, Max Brisson eta Denise Saint-Pé senatariek segituko dute Frantziako Senatuan beste sei urterentzat. Hori horrela hirugarren kargualdiari lotuko zaio Espagnac eta bigarrenari beste biak. Botoen %33,82 –608 boz– jaso ditu Espagnacek, %30,76 –553 boz– Brissonek eta %20,19 –363– Saint-Pék. 2017ari alderatuz, Espagnac mantendu da (-1), Brissonek emaitza anitzez hobeak egin ditu (+242) eta Saint-Pék indarra galdu du (-46).

1.879 hautesle handi deituak ziren bozkara Pirinio Atlantikoetako Departamenduan: herriko kontseiluetako ordezkariak, departamenduko edo eskualdeko kontseilariak eta diputatuak. Orotara bederatzi hautagai ziren lehian eta laugarren atera dira ekologistak (%5,45), ondotik dituztelarik komunistak (%2,61), eskuin-muturreko Reconquete (%2,34) eta Le Penen RN (%2,11), etiketarik gabeko Michel Lamarque (%1,56) eta ezker muturreko France Insoumise (%1,17).

Eskuin-muturrak bider lau

Aitzineko hauteskundeei alderatuz eskuin-muturrak izugarriki gora egin du: Reconquete eta Rassemblement National hautagaitzen botoak batuz %4,55 lortzen du. Pirinio Atlantikoetako 80 bozkatzaile handik diote eskuin muturrari eman botoa, duela sei urte hogei izan ziren –lau aldiz gutxiago–.