argia.eus
INPRIMATU
Esp-etxeetakoentzako kronika
  • Urte garai honek oparitzen dizkigun apaingarriak landare ia guztietan ikus daitezke; ez etxeko balkoitik, ordea. Kronikatxo bat egin nahi dinat, bai baitzekinat zuen edadeko jendeak, natura hain gertutik sentitu izan dezutenek, zenbateraino jarraitzen diozuten landareen seinaleen hurrenkerari.

Jakoba Errekondo 2020ko apirilaren 09a

Gaur hilabete omen daraman esp-etxean, Mertxe Txiki; oraintxe esan zaidan semeak. Eta gure amona-aitonekin gogoratu naun. Hik bezalaxe balkoi ondrosoa badine haiek ere, baina etxe tarte estu samarrean eta ezin natura bere osotasunean ikusi. Gutxiago xehetasunak. Urte garai honek oparitzen dizkigun apaingarriak landare ia guztietan ikus daitezke; ez etxeko balkoitik, ordea. Kronikatxo bat egin nahi dinat, bai baitzekinat zuen edadeko jendeak, natura hain gertutik sentitu izan dezutenek, zenbateraino jarraitzen diozuten landareen seinaleen hurrenkerari. "Orain landare hori loratu da, beste hari lorea joan zaion, hurrengo bat hostoz jantzi den...". Horri fenologia esaten zionagu; hitza ez jakinagatik horretan ere artistak zarete.

Zenbaitek, badakin, udaberria iritsi dela dioten sahatsaren (Salix atrocinerea) loraldia joan den. Baita hostoa galtzen duen magnoliarena ere (Magnolia soulangeana). Elorri beltzaren (Prunus spinosa) loraldi zurietan zuria ere azkenekotan zion. Zumar hostotxikia (Ulmus minor) ere bere onenera iritsi den; zuhaitz handiak lorez lepo izan ditun, eta bero hauekin laster hostoz gainezka, badakin, berde bizi dotore horrekin. Zumar txikienak, loratzeko gai ez direnek, dagoenerako hosto polita dine. 

Haritzak, beno haritzek (Quercus robur), berde bizitik gorrirako aukera guztia dine hostajeetan. Bateren bat ikusiko dun balkoitik urrutira. Adar muturretan poxpolinak borobiltzen ari zaizken gaixotuei. 

Loraldi betean zeuden lizarra (Fraxinus excelsior) bere lore arrak erakutsiz, udareondoak (Pyrus spp.) zuri-zuri, gereziondoak (Prunus avium) ere bai baina ez din urte ona, nonbait; loraldi sare samarra dine, ez behintzat arbola zuri-zuri bete-bete jartzen den horietakoa. Intsusa (Sambucus nigra) ere loratzen hasi dun, horixe, hasi besterik ez dun egin. Borraja (Borago officinalis) eta galego-aza edo bazka-aza ( Brassica oleracea “Viridis”) loratzen hasita zauden eta erlastarrak hantxe zabiltan gozo-gozo, nahikoan.

Zaingorriak (Geranium robertianum) eta ilarrondokoak (Arum italicum) lorea zabal-zabal dine. Atzo ikusi dizkinat ilarrondoko batzuk basurdeak uxarrean ipurditik atera eta azpiko erraboilak janda. Hain gustuko ditunan lorontzietako klibiak (Clivia miniata) eta paradisuko hegaztia (Strelitzia reginae) lore laranjaz mukuru zeuden. Aukera dugun hurrengoan hire balkoira eraman behar dinagu bana.

Mizpira (Mespilus germanica), kiwia (Actinidia sinensis) eta mahatsa (Vitis vinifera) hostoak irekitzen ari ditun.

Berdantzart, eguneroko bueltaxkan, lehen marrubitxoak (Fragaria vesca) jan nizkinan, gozatuko hunan ederki heuk ere... eta haiek janda eta berehala entzun ninan kukua lehenengoz. Bai, bai, dagoeneko kuku-belarrak (Aquileguia vulgaris) ere bere lore moreak erakusgai zeuzkan.

Musu handi bat. Esp-etxeetara musu handi-handi bana.