Apirilean Europar Batasunak esnearen kuotak kendu zituenetik sektoreko ekoizleek egoera larria bizi dutela salatu dute. Gaiaz hitz egiteko goi bilera eginen dute astelehenean Batasuneko Nekazaritza ministroek Bruselan. Abeltzainek protestak deitu dituzte.
Esnegileek salatu dute industriak esne litroa ekoiztea kostatzen zaiena baino gutxiago ordaintzen diela, eta horrela jarraituz gero sektoreak desagertzeko arrisku handia duela. Lehenagotik ere egoera larria bazen, kuoten desagerpenaz geroztik okerrera egin du, abeltzainen arabera.
Duela 30 urte, 1984an ezarri ziren esnearen kuotak Europar Batasunean. Komunitateko herrialdeen gehiegizko ekoizpenak merkatura aterabiderik ez zuten soberakinak sortu zituen. “Gurin mendiak” eta “esne lakuak” bezala deskribatu zituzten garai hartan soberakin haiek, eta egoerari aurre egiteko sortu zituzten kuotak.
Neurria bertan behera gelditu denetik esne soberakina sortu da berriz eta prezioek behera egin dute. Garikoitz Nazabal EHNEko kideak egoera salatu du Euskadi Irratian: “Ekoizle askok esnea etxetik ateratzeko behar larriak dituztela ikusita, zenbait industria –beren interes propioei bakarrik begiratzen dietenak– aprobetxatzen ari dira baserritarrak estutu eta prezioak jaisteko”.
EHNEk abuztuan egindako prentsaurrekoan salatu zuenez, azken hilabeteetan ohikoa da 0,24 eta 0,28€/litro prezioak jasotzea esneak, ekoizpen kostuak betetzeko prezioa 0,356€/litroan dagoen bitartean.
Sektoreak aurrera jarraitu ahal izateko beharrezko neurriak hartzeko deia egin zuen EHNEk. Ekoizpenaren kontrola egin eta prezio duinak ezartzeko, esne kontratuak betetzeko eta Europako erabakien aurrean bertako politikak bultzatzeko eskaera egin zieten agintariei.
Abuztuaren 24an Leonen hasi eta irailaren 4an Madrilen amaitu zen “martxa txuria” bezala deitutako protesta. Estatuko milaka abeltzainek parte hartu zuten esnearen prezio baxuengatik protesta egin eta gobernuari esnearen prezio minimoa ezartzeko eskaera egiteko. Europako hainbat herrialdeetan jada neurriak hartu dituztela eta, Espainiako Estatuan ere bide hori hartzeko exijitu zuten.
Galizian, aste osoko protesten ondoren, asteburuan manifestazio jendetsuak egin dituzte abeltzainek. Astelehenean Santiagon protesta deitu dute, eta 5.000 traktore baino gehiagok hiria kolapsatzea aurreikusten dute antolatzaileek.