argia.eus
INPRIMATU
Esnearen sektorea
“Ezin dugu jarraitu kostuen azpitik ekoizten”
ARGIA @argia 2021eko abenduaren 30a
Iruñean egindako elkarretaratzea / AHOTSA.INFO

"Agerraldi publiko hau, lehen sektoreko profesionalek eta bereziki, abeltzaintza azpisektore guztiek bizi duten egoera oso larriaren berri emateko egin dugu, eta aldi berean, Espainiako Gobernua berriki erreformatu den Elikagai Katearen Legea berehala aplika dezala eta Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari lege honen garapena gauzatu dezatela eskatzeko", azaldu dute EHNEk eta UAGN sindikatuek Iruñean. "Ekoizpen-kostuen hazkunde geldiezin eta esponentzialak (% 30 inguru) sektore ekoizlea itotzea ekarri du, ekoizpen-kostuak katearen hurrengo begian jasanarazterik ez duelako, eta horren guztiaren berehalako ondorio dira input jakin batzuk ez ordaintzea, zorrak ordaindu ahal izateko ganadua saltzea, ustiapen-aseguruak bezalako elementu garrantzitsuak ezabatzea, azken batean, ekoizleen likidezia-falta eta dirua galduz lan egitea".

Sindikatuek kezka agertu dute, epe laburrean desagertu egin litezkeelako ekoizpen-sarea osatzen duten ustiategi txikiak, "kontsumitzailearen babesean erreakzionatzen ez badugu eta honek banaketa sektoreari abeltzainei bidezko tratua ematea eskatzen ez badio, kateko operadore guztien errentagarritasuna ahalbidetzen duten produtuen prezioak linealetan islatuz eta aberastasuna partekatuz".

Gogorarazi dutenez, esnearen produkzio-kostuak litroko 0,05 euro igo dira azken hilabeteetan, litroko 0,40 eta 0,42 euro artean; abeltzainak, berriz, litroko 0,32 eta 0,37 euro artean kobratzen ari dira. "Horregatik guztiagatik, uste dugu gure abeltzainek jasotzen dituzten laguntzez gain (NPBtik datozenak edo EHNEk aurrekontuei zuzenketa bidez proposatu dituenak bezalakoak), sektoreak egiturazko neurriak behar dituela lurraldean zehar gure abeltzaintza-ustiategien ehunari eusteko. Zentzu horretan, elikadura katea gardenagoa, justuagoa eta orekatuagoa izateko beharrezko neurri guztiak hartzea planteatzen dugu".

Elikadura-kateak balio handiagoa sortu behar du gure elikagaientzat, eta kate-begi guztien artean, bidezko moduan banatu behar du.

Elikagai Katearen Legea betetzeko eskaera

Sindikatuen hitzetan, onartu berri den Elikagai Katearen Legea betetzea "eraginkorragoa izango da elikatze-kateko eragileen artean lan-mahai neutral bat sortuz, kontratuak egiten laguntzeko, nekazaritza-produktuen salmenta-prezioa ekoizpen-kostuaren gainetik egongo dela bermatzeko".

"Tresna horrek aukera emango digu merkatuak gure produktuek balio dutena ordain dezan", azaldu dute. "Era berean, balio erantsi bat helarazten diogu kontsumitzaileari, bere produktuengatik ordaintzen ari denak aukera ematen duelako landa-lanean ari diren pertsonen negozioen bideragarritasunari eusteko eta lurraldean iraungo duen hornitzaile-sare produktibo bati eusteko".

Zentzu horretan, industriari eta distribuzioari ere legea betetzeko eskatu diote. "Bere epe laburreko negozio herburuek, ekoizpen-sektorea suntsitzen ari dira, eta hornikuntza-arazo bat sor dezakete, bai bere buruari, bai herritar guztiei begira ere. Jokabide hau erabat arbuiagarria da, beraz mobilizazioetan ere jomugan jartzen ditu".