argia.eus
INPRIMATU
Behieko
Esne ekoizle ekologikoak elkarlanean
  • Anoetako Gregorio Zuaznabarrek eta Altzoko Fermin Muruak osatzen dute Behieko proiektua. Baserri munduan ari ziren lanean lehenagotik bi abeltzainak eta Gipuzkoan behi-esnea eredu ekologikoan ekoizten lehenetarikoak izan ziren, bakoitza bere aldetik. 2009an, baina, elkartzea eta indarrak batzea erabaki zuten. “Esnekiak elaboratzeko premia ikusten genuen, eta norberak bere aldetik egin beharrean elkartuta errazagoa izanen zela pentsatu genuen”, dio Muruak. Sabekoetxea eraldaketa-gunea martxan jarri eta 2010etik esne pasteurizatua eta jogurta egiten dituzte, eredu txiki eta ekologikoan.

Garazi Zabaleta 2021eko maiatzaren 20a

Hogei bat behi eta 22 hektarea belardi ditu Muruak, eta Zuaznabarrek, berriz, zortzi bat behi eta beste hainbeste hektarea. “Ekoizpen ekologikoan aritzeko larre hektarea bakoitzeko gehienez bi behi eduki daitezke”, azaldu du Altzoko abeltzainak. Ekoizpen konbentzionaletik desberdintzen dituen beste faktore bat belardietan pestizida eta herbizidarik ez erabiltzea eta aziendei ematen dizkieten antibiotiko eta medikamentu kopurua dira: “Askoz antibiotiko gutxiago erabiltzen ditugu  eredu ekologikoan, horien erabilera maneiuarekin oso lotuta dagoelako: ekoizpen txikietan askoz gutxiago behartzen ditugu behiak, eta horrek errazago egiten du sistema osoa”. Alegia, behiak zenbat eta esplotatuago egon, orduan eta osasun arazo gehiago dituzte.

Larretze sistemari dagokionez, otsailetik abendura bitartean kanpoan izaten dituzte aziendak Behiekoko kideek, eta neguan, eguraldi txarrarekin, hilabete pare batez soilik sartzen dituzte ukuilura. Animalien elikaduran eragin zuzena du horrek: belar freskoa da haien elikaduraren oinarria, eta pentsua sostengu modura soilik erabiltzen dute. Behi arrazetan, tokiko klima eta orografiara hobekien egokitzen direnak dituzte, inguruko gaixotasun eta parasitoei ere erresistenteagoak direnak: “Parda alpinar arrazako behiak eta mestizajeak ditugu batik bat, landa-arrazak; frisiarrak geroz eta gutxiago ditugu”.

Eraldaketa eta salmenta haien gain

Altzoko baserrian, ukuiluan bertan eraiki zuten eraldaketa-gunea, eta bertan esnea pasteurizatzeko eta jogurtak egiteko hiru langile dituzte. Zuaznabarrek astean hirutan eramaten du esnea. “Guk ekoizten dugun esne ia guztia hemen eraldatzen dugu, ez dugu kanpora ia ezer saltzen. Olaberrin Behieko gazta egiten duen beste kideak eramaten du batzuetan, hori bai”, dio. Larretik ontziraino, haien eskutan dago prozesu osoaren kontrola.

Zuzeneko salmenta da Behieko proiektuko kideek lehenesten dutena: dendetan, jatetxeetan, kafetegietan, kontsumo taldeetan… etxez etxeko salmenta ere egiten dute oraindik, eta esnea saltzeko modu zahar hori berriagoekin uztartzen dute; hain zuzen, Tolosan dispentsadorea dute martxan duela zenbait urtetik, eta esnea, yogurtak eta gaztak saltzen dituzte bertan.