argia.eus
INPRIMATU
Esloveniak amaitutzat eman du pandemia
  • COVID-19 gaitza kontrolpean duela aldarrikatu du Esloveniak ostiralean. Europako lehen herrialdea da halakorik baieztatzen duena. Europar Batasuneko (EB) herritarrentzako mugak irekiko ditu, baina handik kanpokoek 14 eguneko berrogeialdia igaro behar dute muga igaro ostean.

     

ARGIA @argia 2020ko maiatzaren 16a
Ljubljanako herritarra bizikletan / EPA-EFE. IGOR KUPLJENIK

"Gaur Esloveniak ditu Europako daturik onenak pandemiari dagokionez, eta beraz amaitutzat jo genezake epidemia", esan du Janez Jansa lehen ministroak. Mugal zabaldu arren, hainbat neurrik indarrean jarraituko dutela esan du: bilkura publikoak egitea debekaturik dago, segurtasun tartea mantendu behar da eta leku publikoetan maskara erabili beharra dago.

Irrati publikoak jakinarazi duenez, epidemia amaitutzat emanda, Estatuak saihestuko du ekainaren amaierara bitarteko laguntza-neurrien sorta automatikoki luzatzea. Herritarrak eta enpresak ekonomikoki laguntzea helburu duten neurriok, beraz, maiatzaren amaieran geratuko dira bertan behera.

Maiatzaren 13ra arteko datuen arabera, 103 ziren hildakoak eta 1.467 gaixotuak, bi milioi biztanle inguru duen Eslovenian. Lehen kasua martxoaren 4an agertu zen. Bi astean 35 kasu berri atzeman dituztela esan du lehen ministroak.

Esloveniako hirietan hainbat protesta egin da asteotan Gobernuak ezarritako "neurri zorrotzen" aurka. Osasun materialarekin lotutako ustelkeriagatik ere protesta egin dute bizikletaz mugitu diren manifestariek. Hainbat hedabidek jaso duenez, Gobernuaren agentzia batek atzerrian erosi zuen material kopuru bat, banatzaile esloveniar baten bitartez, zeinak, era berean, Gobernuko zenbait ordezkarirekin lotura duen. Ustez, fabore-tratua eman zaio enpresa horri, ordainsari gehigarriekin.