Miarritzeko Jai Alai frontoian zuzeneko emankizunerako probak egiten harrapatu ditugu Kanaldude telebistako langileak, kamera eta kable artean. Egun garrantzitsua dute, lehenengo aldiz zuzenean emateko saiakera dela kontatu baitigu Ximun Carrere Kanaldudeko arduradunak.
Euskara hutsean, herritik eta herriarentzat egindako telebista da Kanaldude, Internet bidez eskaintzen dena. Astean 7.000 bisitari inguru ditu kanaldude.tv webguneak. Lan molde eraginkorra du hedabideak, eskuz esku lan egiteko prest dauden kolaboratzaile ugarik hartzen baitute parte albisteen egituraketan. Miel Zeleztino joan den udaberrian hurreratu zen Kanaldude proiektura eta telebista-kableekin aurrera eta atzera dabil gaur, frontoian. Kultur elkarte batekin konparatu du hedabidea: “Kultur dinamika gertutik ezagutzeko parada ezin hobea eskaintzen dit”.
Zortzi langilez eta gertuko hamabost kolaboratzailez osaturiko sareak hartzen du bere gain Kanaldude webgunea eguneratzeko ardura, Iparraldean gertatzen dena bertatik bertara kontatzeko. Lasako Markotx kamiseta egileari buruzko erreportajea, Lekorneko etxaldeek duten etorkizunari buruzko kezka azaltzen duen elkarrizketa sorta, Donazaharreko adinekoen egoitzara egindako bisita gidatua, Bidarraiko mendiko etxaldeetan gazte gutxi dagoela adieraziz eta mendia kudeatzeko gakoak emanez bildutako iritziak… ikus daitezke webgunean, Tokika izeneko sailean, guztiak ere herritarrek pentsatuak, diseinatuak eta, sarri askotan, grabatuak. Kanalduderen eta landutako bideoen izaeran bi ezaugarri nabarmendu dituzte arduradunek: tokikoa eta parte-hartzailea izatea.
Herritarren esku
Egin beharreko bideoak hiru hilabete lehenagotik hasten dira lantzen, egokitzen den herrian. Bertan, parte hartu nahi duen jendearekin bilkura antolatzea da lehenengo urratsa eta hortik aurrerakoa herritar bakoitzak parte hartzeko duen gogo eta asmoaren esku geratzen da. Baten batzuek gaiak proposatuko dituzte, beste askok grabaketa nola egin ikasteko emankizunetara gerturatuko dira eta hainbatek bere etxeko ateak zabalduko dizkio Kanalduderi, norberaren bizipenak partekatzeko.
Adibidea jartzearren, Ximun Carrerek hunkituta hitz egin digu Larrainen bizitakoaz: “Oso esperientzia positiboa izan genuen, Tokika saioa grabatzera gerturatu ginenean; Monzonen pastoralaren grabaketa eta hainbat erreportajeren gidaritza herritarrek beraiek hartu zuten euren gain. Gure kolaboratzaileen sare finkoa hamabost lagunekoa bada ere, gisa honetako lanketek aukera ematen dio nahi duen orori ekimenaren parte sentitzeko eta proiektua hurbiletik ezagutzeko”.
Xantxo Ernaga ere kolaboratzaile hasi zen Kanalduden, eta kirol emankizunen buru da egun. Frontoiko kamerak prest daudela ziurtatu bitartean solastatu da gurekin eta hizketaldi laburrean azpimarratu nahi izan du ikus-entzuleek egindako telebista dela beraiena: “Jendeak gaiak proposatuz deitzen digunean, guk ezetz erantzun ohi diogu, guk ez dugula egingo, beraiek egingo dutela esaten diegu, baina horretarako behar duten laguntza eta material guztia eskainiko diegula”. Ikus-entzulea kontsumitzaile soil izateari utzi eta egile eta sortzaile bihurtzea da telebistaren asmoa.
Hori guztia, euskaraz, nahiz eta, Carrerek gaineratu duenez, euskal hiztunak ez direnak ere erakarri nahiko lituzke Kanaldudek, frantsesak euskarara gerturatzeko bidea izan baitaiteke hau. Azken finean, Iparraldeko tradizioaren, kirolaren, kulturaren, egunerokoaren, ekonomiaren, jendartearen… errealitatearen berri izan nahi duenarentzat, telebista eta webgune aproposa da Kanaldude.