argia.eus
INPRIMATU
Eskutik irabazteko
  • Handia, ederra izan da. Espero zitezkeen markak aise gaindituta, urratsez urrats, eskuz esku, Durangotik Iruñera azaleratu dugu erabakitzeko eskubidearen nahia. Ekainaren 8an, hainbat hilabete lehenago hasitako ekimen apalak milaka giza mugarri jarri ditu Euskal Herriko errepideetan barrena, errebindikazio eta festa giroa ederki uztartuz. Aspaldiko partez, batasun irudiarekin eta garaipen sentimenduarekin etxeratu ginen egun horretako ilunabarrean. Eta orain zer?

Josu Chueca 2014ko ekainaren 09a

Ba Espainiako zein Frantziako testuinguruak kontuan izanda, berriro ere antzeko mobilizazioei eutsi beharko diegu eskubide hori gauzatu ahal izateko. Estatuan diren alderdi nagusietatik gutxi espero daitekeen arren, aurrez aurre krisi orokorra, politikoa eta sozioekonomikoa dugun arren, aukera bikaina dugu, herri askapenean zein gizarte errebindikazioetan, aurrerapauso handiak burutzeko. Orain ere bateraturik azaldu zaigun mundu abertzaleak (giza mailan dagoen egoera latzari aurre egiteko eta estatuak duen funtsezko krisitik etekina ateratzeko), mota horretako mobilizazioetan erakutsi duen abilezia eta indarra inoiz baino gehiago izan beharko lituzke. Estatuen demokratizazio erabatekoa aldarrikatzeaz gain, goitik beherako aldaketa sozioekonomikoa eskatzen duen programa baten sustatzaile eta defendatzaile irmoa izan beharko luke, etorkizunaren jabe izan nahi duen edozein herrik bere esku izateko, oraintxe bertan edo etorkizun hurbilean ireki eta larriagotu daitezkeen abaguneetan, eskutik irabazteko.