argia.eus
INPRIMATU
Espainiako Pilota Federazioa
“Eskura dauzkagun lege-erreminta guztiak baliatuko ditugu Espainiaren eskubideak babesteko”
  • Askok espero zuen moduan, Nazioarteko Pilota Federazioak Euskadikoa onartu ostean eskubide osoko kide gisa, Espainiako kirol-erakunde, alderdi politiko edota hedabideek erabakiaren aurkako oldarraldia hasi dute, nork beretik presioa eginez. Ostegunean, Espainiako Pilota Federazioak iragarri du helegitea jarriko duela, "gehiegikeria nazionalista" horren aurka.

Jon Torner Zabala @jtorner 2025eko urtarrilaren 03a
Julían García Angulo Jorge Lopez / FIPV

"Eskura dauzkagun lege-erreminta guztiak baliatuko ditugu Espainiaren eskubideak babesteko", adierazi du Espainiako Federazioko batzorde kudeatzaileko presidente Julian García Angulok, Nazioarteko Euskal Pilota Federazioaren prozedura "irregularra eta iluna" izan zela iritzitaNazioarteko Federazioak akusazioak gezurtatu ditu. Espainiako Federazioak plazaratutako oharrean dioenez, Espainiako Tribunaletan eta Kirola Arbitratzeko Epaitegian (TAS) errekurrituko dute erabakia. Bide horretan, Espainiako Batzorde Olinpikoaren eta Espainiako Kirol Elkartearen (ADESP) babesa duela azaldu du federazioak.

Nazioarteko Federazioaren erabakia Espainiako Kirol Kontseilu Gorenak berretsi behar du orain, eta hari ere zuzendu zaio Espainiako Federazioa: "Kirol Kontseilu Gorenak zuhurtasun-irizpidea erabiliko duela espero dugu, eta ez duela Nazioarteko Federazioaren batzarrak hartutako erabakirik berretsiko, legezko instantzia guztiek haien hitza plazaratu arte".

Erabakia ezagutu bezain pronto hasi zuen gurutzada Espainiako Federazioak. "Pedro Sánchezek ez zeukan inolako eskubiderik Pilota EAJri eskaini eta kirola politizatzeko", idatzi du Angulok sare sozialetan, egunotan –eta aurretik– gertatutakoak politikarekin zerikusirik ez balu bezala.