argia.eus
INPRIMATU
Hauteskundeak Alemanian
Eskuina nagusi Alemanian, eta eskuin muturrak botoak bikoiztu ditu
  • Sozialdemokratek inoizko emaitzarik kaskarrenak lortu dituzten arren, litekeena da demokristau kontserbadoreekin elkartzea eta gobernua osatzea. Botoen %28,5 jaso ditu CDUk, eskuin muturreko AfDk %20,7 eta SPDk %16,4.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2025eko otsailaren 24a
Alemaniako hauteskundeetako garaile berriak, Friedrich Merz bere alderdikideekin. Steffen Prößdorf (CC BY-SA 4.0)

Inkestek iragarri bezalaxe, eskuinera egin du Alemaniak. Boto-emaileek gogor zigortu dute alderdi sozialdemokrata (SPD), herrialdearen ekonomia eta herritarren bizi-baldintzak nabarmen okertu diren aldian, bereziki energiak eragindako prezioen igoeraren testuinguruan. Inoizko emaitzarik txarrenak lortu ditu Olaf Scholz kantzilerraren SPD alderdiak, baina litekeena da gobernuan sartzea hauteskundeak irabazi dituen CDU/CSU demokristauekin. Izan ere, Alemaniako hauteskundeetako garaile berriak, Friedrich Merz zerrendaburuak, dagoeneko esan du ez duela bigarren gelditu den eskuin muturraren atea joko.

Nor da CDUko Friedrich Merz, kantziler izateko faboritoa? Irakurri Xuban Zubiriaren artikulua.

Azken 35 urteetako parte hartzerik handiena izan da joan den otsailaren 23ko hauteskundeetan: 59 milioi pertsonak zuten bozkatzeko aukera eta %84k hala egin dute. Botoen %28,5 jaso ditu CDU/CSU koalizio demokristauak, duela lau urte baino lau puntu gehiago, eta bigarren geratu da Alemaniari Alternatiba (AfD) eskuin muturra, %20,7rekin, aurrekoetako emaitzak bikoiztuta. Hirugarren, SPD sozialdemokratak: %25,7tik %16,4ra jaitsi dira. Berdeek ere kolpea jaso dute, %14,8tik %11,6ra. Eta SPDren botoez praktikan balitu dena Die Linke ezkerra izan da, %4,9tik %8,7ra igota.

%5etik behera, eta beraz parlamentutik kanpo geratu dira bi alderdi aipagarri hauek: FDP alderdi liberala, 2021eko botoen erdiak galduta; eta BSW, Die Linketik alde egindakoek sortutako lerro ustez ezkertiar berria, ezker populista, eskuinekoa politika ekonomiko eta immigrazio-politiketan, Sahra Wagenknecht buru. Kanpoan geratu da %4,9ko babesarekin, %5era heltzeko 13.000 boto eskasen faltan. BSWri buruzko analisia ekarri genuen ARGIAra 2.890 alean, Jacobin aldizkaritik itzulita.

Eskuin muturraren igoera

Eskuinera biratu du Alemaniak. CDUko demokristauek jendearen babesa irabazi dute sozialdemokraten kontura, eta eskuin muturreko AfDk inoizko emaitzarik onenak lortu ditu nazismoaz geroztik.

Iragartzen hasia zen igoera; halaxe ikusi zen irailean, Alemania ekialdeko Turingia eta Saxonia eskualdeetan hauteskundeak egin zirenean. Turingian, hiru bototik bat jaso zituen AfDk, eta Saxonian ozta-ozta ez zituen irabazi elekzioak, CDUren atzetik. Bigarren Mundu Gerraz geroztik, estreinako aldia zen halakorik gertatzen zela. Beldur hori ekialdetik mendebalderantz hedatzen joan da azken hilabeteetan, Olaf Scholz kantziler sozialdemokratak ultraeskuinaren diskurtsoari eutsi eta herrialdearen muga guzti-guztietan polizia-kontrolak ipintzeraino. Ordura arte kasurik apenas egiten zitzaion eskuin muturrari.

Are, urtarrilaren hondarrean, ordurako inkestek CDUren eta AfDren igoera eta SPDrekin kolpea iragartzen zutenean, CDUko demokristauek AfDrekin batera bozkatu zuten Alemaniako Parlamentuko bozketa batean, migratzaileen aurkako ebazpen ez-lotesle batean. Eskuin muturrekoa ez zen jendea asaldu zuen horrek, eta protesta jendetsua antolatu zen Berlinen; 160.000 pertsona baino gehiago manifestatu ziren eskuin muturrari "suhesia" ipintzea aldarrikatzeko. Hala, CDUk hitzeman zien bere boto-emaileei ez zuela gobernurik osatuko AfDrekin –baldin eta, jakina, alternatiba erreal gehiago baldin bazituen–; halaxe berretsi du hauteskundeetako emaitzak jaso eta berehala.

AfDk eskua luzatu dio CDUri, "herriaren borondatea" errespetatu beharko litzatekeela uste duelako, betorik ipini ez diezaiotela. CDUk ezezkoa eman badio ere, AfDk bere boto-emaileei esan die "lasai" egoteko, "igoerarekin jarraitu eta hurrengo hauteskundeak irabaziko ditugulako".

Ondorengo bi grafikoetan argi ikusten da zer nolako igoera izan duen eskuin muturreko AfDk, eta nola ari den ekialdetik mendebaldera zabaltzen:

Alemaniako 2021eko hauteskunde orokorren mapa. SPDren gorria da nagusi; CDUrena da beltza; urdina AfDrena; eta berde kolorea Berdeena. Reuters albiste agentzia
Alemaniako 2025eko hauteskunde orokorren mapa. Ekialdean aise nagusitu da AfD (urdina), eta mendebaldean CDU (beltza). Badira salbuespenak, hala nola Berlinen Die Linke ezkerrak irabazi du. Reuters albiste agentzia

Hainbat analisigilek gogoan izan dituzte 1932ko hauteskunde orokorrak, alderdi nazia agintera iritsi zenekoa. Ekialdetik hedatu zen mendebaldera.

 Wikipedia