argia.eus
INPRIMATU
M28 hauteskundeak - Nafarroa
Gora eginda, EH Bildu nagusi iparraldeko udaletan, eta UPN eta PSN hegoaldean
  • Iruñean inoiz ez da horren lehia estua egon UPN eta EH Bilduren artean (2.500 boto azkenean), eta EH Bilduk gora egin du udal askotan. Eskuinak, aldiz, ez du batu. PSNren esku egongo da alkatetza asko UPNra joan ez daitezen.

    [[hauteskundeak mapa zabala 2023 M28 udalak nafarroa]]

Xabier Letona Biteri @xletona 2023ko maiatzaren 29a

UPNren eta EH Bilduren arteko lehia gori-gori egon da azken unera arte Iruñeko Udalean, baina azkenean UPN gailendu zaio 2.500 botoko aldearekin, bi alderdien artean inoiz egon den tarte txikienarekin. PSNk betetzen badu kanpainan esandakoa hurrengo alkatea UPNkoa izango da. Baina eskuina eta PSN gabeko indar aurrerakoien lehia oso estu egon da berriz ere –2015ean UPNk galdu zuen–, UPNk eta PPk hamaika zinegotzi lortu baitituzte, eta EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak beste hamaika. Lehen bozketan gehiengo osoa lortu ezean, alkatetza lehen indarrak eramaten duenez, UPNrentzat litzateke. Giltza, beraz, aurreikusi bezala, PSNren esku egongo da, baina gobernua UPNri ematea zamatsuagoa egingo zaio oraingoan, indar aurrerakoiek hamasei zinegotzi dituztelako eta eskuinak hamaika.

Oro har, banatuta joateak ez dio zinegotzi gehiago eman eskuinari, alderantziz, eta hala ere, Nafarroako hamar udal garrantzitsuenetatik bostetan UPNk irabazi du: Iruñean, Tuteran (gehiengo osoarekin), Eguesibarren, Barañainen eta Lizarran. Burlatan, Tafallan, Antsoainen eta Atarrabian EH Bilduk irabazi du (gehiengo osoarekin) eta Zizur Nagusian Geroa Baik. Altsasun Geroa Baik gehiengo osoa lortu du, Leitzan EH Bilduk, eta Baztanen EH Bildu gehiengo osotik oso gertu geratu da.

Oro har, azken hauteskundeetan gertatzen ari den bezala, UPN eta EH Bildu dira Nafarroako udal indar bozkatuenak eta gobernagarritasunari begira udal asko banatuko dituzte bien artean. 2015ean EH Bilduk, Geroa Baik eta Ahal Duguk egindako itunei esker UPNren alkatetza ugari eskuratu zituzten; oraingoan, ordea, PSNren beharra egongo da horietako asko eskuinak eraman ez ditzan, eta honek iragarri du jada ez diola botorik emango ezker abertzaleko alderdiari. Zer gertatuko den, aldiz, beste kontu bat da, udaletan berezko dinamikak egoten dira eta. Ez dira gutxi izan PSNk izan dituen istiluak, bere zinegotziek ez dutelako bete izan zuzendaritzatik emandako agindua.