argia.eus
INPRIMATU
Eskuin muturreko turkiarrak Ă–calanen aldeko martxari eraso egiten saiatu dira
  • Union herrian saiatu dira erasotzen martxako kideak, tartean, Hala Bediko bi lagun. Kide internazionalistek autodefentsaren bidea hartu dute. Orain, zortzigarren etapan, normaltasuna nagusi.

Hala Bedi @halabedi 2017ko otsailaren 08a

Otsailaren 7ko gauean eman zen eraso saiakera. Hala Bediko kideek jakinarazi dutenez, gaua pasatzera joan diren herrian 20-30 turkiar zeuden. Lo egin behar zuten tokira indarrez sartzen saiatu ziren, besteak beste, poliziaren pasibitateari esker. Autodefentsari ekin eta kide kurdu zein internazionalistek barruan eutsi zuten; gainera, martxako emakumeek, emakume bezala, autodefentsa estrategia ere antolatu zuten. Ostean, poliziak ez zien kanpora ateratzen utzi, “segurtasunagatik”.

Çira TV eta Sterk TV telebista kurduek azkar batean eman zuten horren berri. Hori dela eta, alboko herrietako kurduen mobilizazioa oso azkarra izan zen; bideoan ikus daitekeenez, harrera beroa jaso zuten alboko herrietako kurduek Sarre-Unionen; azkenean, gainera, bertan lo egitea erabaki zuten.

Martxan zehar, azken etapan batez ere, Turkiako “Otso Grisen” keinuak ikusi behar izan zituzten kide internazionalistek. “Otso Grisek” eskuin muturreko helburuak aurrera ateratzeko, besteak beste, kurduak hil izan dituzte. Hala Bediko kideek jakinarazi dutenez, tentsio momentu handiak bizi zituzten, baina normaltasunera itzuli da martxa. Larunbatean amaituko da hau, Estrasburgon, martxa eta jaialdi batekin.

Albiste hau Hala Bedik argitaratu du eta CC-by lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.