argia.eus
INPRIMATU
Eskuin muturraren eta poliziaren biolentzia dokumentatzea eragotzi nahi dio Espainiak Nafarroari
  • Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkaritzak helegitea jarri du eskuin muturreko taldeen eta funtzionario publikoen indarkeria-kasuak dokumentatzeko foru-agindu baten kontra.

ARGIA @argia 2018ko urtarrilaren 31
Jurramendiko gertakariak 1976an. Mota honetako biolentzia kasuak ikertzearen kontra egin du Espainiako Gobernuak.

30.000 euro bideratu behar ziren Nafarroan, motibazio politikoko giza-eskubideen urratzeak ikertzeko. Deialdira hiru proiektu aurkeztu ziren, Nafarroako Unibertsitate Publikoko bi eta Euskal Herriko Unibertsitateko beste bat, zeinari 17.900 euro esleitu zitzaizkion.

Bada, Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkaritzak informatu duenez, helegitea jarri dute Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenean foru-agindu horren kontra.

“Gobernuak uste du foru-exekutiboak, laguntza-deialdi hau argitaratuz, Auzitegi Konstituzionalaren ebazpena urratu duela”, azaldu du Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak.

Aipatzen duen ebazpen judizialak bertan behera utzi zuen eskuin muturreko taldeek eta funtzionario publikoek egindako ekintzen biktimak aitortzeko Nafarroak prestatu zuen legea. Madrilgo ordezkariek uste dute, diruz lagundu nahi zen ikerketa honekin txosten bat egin nahi zela, hain zuzen Espainiako Auzitegi Konstituzionalak egitea eragotzi zuena.

Txostena egiteko laguntza jaso zuen taldea Kriminologiaren Euskal Institutua da, Paco Etxeberria forentse ezaguna kide duen erakundea alegia. Talde berak iazko abenduan aurkeztu zuen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan izandako tortura kasuei buruzko txostena, 1960tik 2004rainoko kasuak jasotzen zituena.

“Batzuetan debrua balitz bezala aurkeztu nahi izan dute Kriminologiaren Euskal Institutua”, azaldu du Ana Ollo Nafarroako Gobernuko ordezkariak.