Frente X España eskuin muturreko taldeak manifestazioa deitu du ekainaren 21ean 19:00etan Bartzelonako Sants auzoan. Can Vies zentro soziala hustu ondoren izan diren istiluen erantzun gisa deitu dute mobilizazioa.
“Bartzelonan bizi dugun egoeraz nekatuta daudenak deitzen ditugu inzibismoaren eta Sants auzoko bizilagun asko berdurturik dituzten talde ultra-ezkertiarren terrorismoaren kontra manifestatzera”. Horrela hasten da Facebook bidez zabaldu duten deialdiaren testua.
Zentro sozialeko kideen helburuak “kaosa, xantaia, inzibismoa eta euren nahiak lortzeko biolentziaren erabilpena” direla diote ultraeskuindarrek, baina okerrena, beraien ustez, “Bartzelonako Udalak xantaiei kasu egin izana” da.
Kataluniako Barne Sailak manifestazioa deitu duen taldearen bost manifestazio baimendu ditu azken aldian, horien artean Espainiaren batasunaren aldeko bat eta euskal presoei kondenak luzatzea ahalbidetzen zuen "Parot doktrina" delakoa bertan behera utzi izanaren kontrako beste bat. Dena den, Xavier Rius blogari kataluniarraren ustez, zailagoa izango da 21ekorako baimena lortzea.