Konferentzia batetik irten berritan, eskuin muturreko errabino bat tirokatu eta larri zauritu dute asteazkenean Jerusalemen.
Yehuda Glick da errabinoaren izena. Glick AEBetan jaio zen eta Meskiten Zelaiguneko Fededunak taldearekin lotura estuak ditu. Eskuin muturreko talde horrek juduentzako tenplu erlijioso bat eraiki nahi du Meskiten Zelaigunean eta kausa hori babesteko konferentzia batean parte hartu ostean jasan du erasoa.
22.30ak aldera gertatu da tiroketa. Erasotzaileak motorrean egin du ihes eta zauritua urgentziaz eraman dute ospitalera.
Iturri polizialek diote oraindik goizegi dela erasoaren nondik norakoak argitzeko. Dena den, polizia israeldarrak ostegunean susmagarritzat jotzen zuen ustezko atentatuaren egilea hil duela irakur daiteke The Guardian egunkari ingelesaren webgunean.