Urte berriarekin batera, urtarrilaren 1ean burutu da Brasilen Jair Bolsonaroren inbestidura-ekitaldia. “Genero ideologiaren” eta ustelkeriaren aurka egingo duela adierazi du presidente berriak, baita herrialdea “lotura ideologikoetatik” eta “sozialismotik” askatuko duela esan ere.
Urriaren 28ko hauteskundeetan atera zen garaile Bolsonaro. 40ko hamarkadaz geroztik hauteskunde bidez presidentziara heldu den lehen militarra da, eta badirudi herrialdearen gidaritzarako ere armadaz baliatuko dela: Gobernuko goi-karguak militarrez bete ditu, eta presidenteorde den Hamilton Mourão jeneralaz gain beste zazpi militarrek betetzen dute Ministroen Kontseilurako 22 hautagaien zerrenda. Militarizazio honen adierazle, segurtasuna ahotan hartuta parlamentariei polizia eta militarrentzako “babes juridikoa” eskatu izana.
Indar armatuen zeharkako defentsa egiteaz gain, bere agintaldiko helburutzat xedatutakoez ere mintzatu da Bolsonaro, bere hitzetan Brasil “lotura ideologikoetatik” askatzea asmo dutenak. “Zuen aurrean jartzen naiz herria sozialismotik, balioen alderantzikatzetik, Estatu gigantismotik eta zuzentasun politikotik askatzen hasi den egunean”, adierazi du.
“Genero ideologia” jarri du jo-puntuetako batean: “Herria batu, familia balioan jarri, erlijioak eta gure tradizioa judeo-kristaua errespetatu eta genero ideologia borrokatzea zin egiten dut”. Horrez gain, sozialismoaren kontra borroka egiteko jarrera irmoa ere erakutsi du: “Gure bandera inoiz gehiago ez da gorria izango. Soilik gorria izango da berau berde eta hori mantentzeko gure odolagatik baldin bada”.
Herrialdearen azken urteetako atzeraldi ekonomikoa ere sozialismoari leporatu dio, eta aurrerantzean Brasil nazioarteko merkataritzara irekita egongo dela jakinarazi. Hezkuntza esparrutik hasita lan merkatuan integratuko diren norbanakoak formatu beharra nabarmendu du, “militante politikoak” ordez.
“Brasil ororen gainetik, jainkoa guztion gainetik” gisako esaldiekin, jainkoari erreferentziaz jositako diskurtsoa izan da inbestidura saioaren bidez helarazi duena.
Inbestidura-saioan izan ziren Honduras, Txile, Bolivia, Paraguai eta Uruguaiko presidenteak, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa eta Viktor Orban Hungariakoarekin batera. Venezuela, Nikaragua eta Kubako presidenteei, aldiz, “diktadoreak” izateagatik ez zaie gonbidapenik luzatu.
“America First” leloa gogorarazten duen “Brasil edozeren gainetik” esaldia erabiliz, AEBetako presidente Donald Trumpekiko duen begirunea ere egin zuen ageriko Bolsonarok. Twitter bidezko mezuetan, presidente biek elkarrekin lan egiteko asmoa agertu dute.
Congratulations to President @JairBolsonaro who just made a great inauguration speech - the U.S.A. is with you!
— Donald J. Trump (@realDonaldTrump) 2019(e)ko urtarrilaren 1(a)
Dear Mr. President @realDonalTrump, I truly appreciate your words of encouragement. Together, under God’s protection, we shall bring prosperity and progress to our people! https://t.co/dplAFNJGdA
— Jair M. Bolsonaro (@jairbolsonaro) 2019(e)ko urtarrilaren 1(a)
Brasileko Langileen Alderdia (PT) eta Sozialsmoa eta Askatasuna (PSOL) alderdiek boikota egin diote saioari, eta ez dira bertan izan.